}

Neutrinoak izozpetik ikusita

2003/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Unibertsoko neutrinoen mapa osatu dute astronomoek Antartikako izotzaren azpian instalatutako sentsoreen bitartez. Horretarako, Hego poloan dagoen Amanda 2 teleskopioa erabili dute. Gailu hori zilindro-itxuran antolatutako izozpeko detektagailu-multzoa da. Sentsore bakoitzak 'behetik' datozen neutrinoen arrastoak detektatzen ditu, hau da, Lur osoa zeharkatu duten energia handiko neutrinoenak. Izotzarekin duten elkarrekintzaren bidez, neutrinoek argia eragiten dute, eta Amanda 2 teleskopioak argi hori detektatzen du.

Seinale bakoitza nondik datorren argituta, ikusgai dagoen unibertso-zatiaren neutrinoen mapa egin dute astronomoek. Partikula horiek oso energia handikoak dira, eta, adituen ustez, leherketa erraldoietan eta antzeko prozesuetan sortzen dira. Beraz, energia handia igortzen duten fenomenoen mapa osatu dutela uste dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia