}

Neuronek itxitako zaurien hesiaren gainetik saltatzen dute

2001/04/24 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Burmuinean edo bizkarrezur-muinean zauri bat izan ondoren, neuronak lehenera etortzen hasten dira, baina laster zauria ixten da eta orbanak neuronen hazkundea eragozten du. Orain, ordea, arratoien neuronak muga hori gainditzea lortu dutela jakinarazi dute.

Zauria ixten duten zelulak astrozitoak dira, hau da, egitura neuronalaren euskarriak. Hesi hori, gainera, ez da soilik fisikoa, Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaileen azterketa baten arabera, astrozitoek berritzen ari diren neuronei seinale kimikoak (kondroitin-sulfato-proteoglikanoak) bidaltzen baitizkiete beren hazkundea gelditzeko.

Aurreko lan horretan oinarrituta, Fawcett neurofisiologoak eta bere taldekideek axonak berritzea lortzeko saiakuntza egin zuten. Hasteko, arratoi batzuen burmuinean kirurgiaz zauriak egin zituzten. Gero, arratoi batzuei kondroitinasa ABC izeneko entzima bat sartu zieten zauritutako ehunean.Entzima horrek kondroitin-sulfato-proteoglikanoak digeritzen ditu eta horrekin tratatutako arratoien neuronak tratatu gabekoenak baino 6 aldiz gehiago hazten zirela ikusi zuten. Horretaz gain, hazkundea norabide egokian egiten zen: entzimarekin tratatutako arratoien axonak besteenak baino lau aldiz gehiago hazi ziren burmuin-egitura egokian.

Lan horiek Nature Neuroscience aldizkarian argitaratu dira eta, oraindik argitaratu ez den ikerketa berri baten arabera, emaitza berdinak lortu dituzte arratoien bizkarrezur-muinean egindako zauriekin.

Oraindik lan asko egin behar da gizakietan tratamendu egoki bat lortu ahal izateko, baina ikerketa horiek itxaropen apur bat piztu dute neuronen birsortzean lan egiten duten neurologoen artean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia