}

Neurologian aditu diren hiru laguni eman diete Medikuntzako Nobel saria

2000/10/10 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Nobel Fundazioak atzo jakinarazi zuen 2000. urteko Fisiologia eta Medikuntzako Nobel saridunak nor diren: 77 urteko Arvid Carlsson suediarra, 74ko Paul Greengard estatubatuarra eta 70eko Eric Kandel estatubatuarra, jaiotzaz austriarra. Lehenak Suediako Goteborg Unibertsitatean dihardu lanean, bigarrenak New Yorkeko Rockefeller Unibertsitatean eta hirugarrenak, berriz, hiri bereko Columbia Unibertsitatean. Sarituen lanek parkinsonaren kontrako botikak ahalbidetu dituzte, besteak beste.

Aurtengo sarituak A. Carlsson, P. Greengard eta E. Kandel izan dira.

Neurotransmisoreak nerbio zelulen artean seinale elektrikoa, hots, informazioa garraiatzen duten konposatu kimikoak dira eta euren lana ezinbestekoa da garunaren funtzionamendurako. Informazioa sinapsi deritzen guneetan zehar igarotzen da zelulatik zelulara, baina zelula bakoitzak halako milaka gune eduki ditzake. Sare ikaragarri konplexua dugu garunean, beraz. Aurtengo Nobel saridunek transmisio horietako batzuk aztertu dituzte, transmisio sinaptiko motelak hain zuzen. Ikerketek garunak nola funtzionatzen duen ezagutzeko eta zenbait gaixotasun neurologiko eta psikikoen oinarria ulertzeko balio izan dute.

Arvid Carlssonek dopamina oso neurotransmisore boteretsua zela ikusi zuen 50eko hamarkadan. Gerora, dopaminak mugimenduak kontrolatzeko orduan zuen garrantziaz ohartu eta parkinsonaren kontrako botika prestatzeko bidea ireki zuen. Parkinsona dutenek dopamina ekoizten duten nerbio zelulak kaltetuak dituzte eta horregatik izaten dute dardara, zurruntasuna eta muskuluen mugimendua kontrolatzeko ezintasuna. Carlsson-ek, dopaminak garunean betetzen duen zeregina argitzearekin batera, eskizofrenia tratatzeko botikek nola lan egiten duten zehaztu zuen eta depresioaren kontrako tratamenduak ahalbidetu zituen.

Carlssonen lanaren ondotik, Greengardek dopaminak eta beste hainbat transmisorek nola lan egiten zuten argitu zuen 60ko hamarkadan. Konposatu horiek umorearen, mintzamenaren, mugimenduen eta pertzepzio sentsorialaren arduradunak dira, besteak beste. Greengarden lanei esker jakin dugu neurotransmisoreek kate-erreakzioa eragiten dutela zeluletan eta erreakzio horien segida ezarri ahal izan da.

Eric Kandelek oroimenaren esparruan egin du batik bat lan. Oroimena eratzen parte hartzen duten mekanismoak aurkitu eta ikaste-prozesuan gertatzen diren oinarrizko aldaketa neuronalak azaldu ditu batetik, eta epe laburrerako eta epe luzerako oroimena mekanismo desberdinen bidez eratzen direla, bestetik.

Kandel ugaztunak ikertu nahian hasi zen, baina konplexuegia zela eta, itsas erbietara jo zuen. Hala ere, itsas erbietan eginiko hainbat aurkikuntzek gizakientzat ere balioko dute. Esaterako, hor ditugu dementzia-mota batzuen kontrako botikak aurkitzeko egiten ari diren lanak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia