}

Neolito garaiko hezurdura bat, Jaizkibelen

2003/03/26 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Aranzadi taldeko kideek Neolito garaiko gizaki baten hezurrak aurkitu dituzte Gipuzkoako Jaizkibel mendian. Ikertzaileek iragarri dute litekeena dela fosilek 6.000 urte inguru izatea; dena dela, oraindik ez dituzte karbono-14 bidezko datazioaren bitartez analizatu. Alvaro Arrizabalaga eta Mari Jose Iriarte arkeologoek aurkeztu dituzte lehen zundaketaren emaitzak.

Hezur batzuk aurkitu dira Gipuzkoako kostaldean… eta zer? Agian, aditua ez denarentzat, ez dago argi zein den Aranzadikoen azken indusketaren ekarpen berria.

Jaizkibelen topatutako giza hezurdurak 6.000 urte inguru izan dituztela uste dute arkeologoek.

Egia esan, aurkikuntzaren garrantzia baloratu ahal izateko, arkeologiaren egoerari so egin behar zaio: ez da Neolito garaiko fosil asko aurkitu Euskal Herrian.

Ikertzaileek aitortu dute zortea alde izan dutela. Ez da erraza horrelako aztarnak topatzea, are gutxiago zundaketa batean. Zundaketa aztarnategi bateko lehenengo hurbilketa izaten da; ez da asko industen, baina ateratzen denarekin zer espero litekeen igartzen hasten dira arkeologoak. Kasu honetan, zundaketan giza fosilak aurkitu dituzte. Harrigarria da.

Dena dela, Neolito garaian inguru hartan gizakiak izatea ez da harrigarria. Europaren eta iberiar penintsularen arteko pasabide 'natural' bi zeuden: Katalunia eta Euskal Herria. Ikuspuntu horretatik, euskal kostaldea bizileku aparta zen bai orografiaren bai eta klimatologiaren ikuspuntutik ere.

Maskorren artean

Jaizkibelgo aztarnategia Juan San Martinek aurkitu zuen 1983an.

Aztarnategia harpe batean dago; ez da kobazuloa, baina babes naturala eskaintzen duen gunea da, eta, beraz, Neolito garaiko familia bat bizitzeko toki egokia izan daiteke. Kontuan hartu behar da garai hori Holozenoaren hasieran kokatzen dela, hau da, klima epeltzen hasi zen garaian, Pleistozenoko azken hotzaldi handiaren ostean. Eta, klima epeldu ahala, ondoriozta daiteke gizakiak kobazuloak utzi zituela eta beste babesleku batzuk erabili zituela.

Nolanahi ere, Jaizkibelgo aztarnategi hori maskorrez beteta egoteak gizaki horrek itsasoa ustiatzen zuela esan nahi du. Txirlak, muskuiluak, karrakelak eta arrainak jaten zituen, eta maskorrak eta hezurrak harpearen zoruan pilatzen ziren; arkeologoek horien guztien fosilak aurkitu dituzte aztarnategian. Horregatik, urteen poderioz, oso leku berezia bilakatu zen: maskorrez egindako zorua duen harpea. Eta zoru berezi hori izateagatik iraun dute hezurrek 6.000 urte inguru lurperatuta, hain zuzen ere.

Oso hezur gutxi fosiltzen dira, horretarako inguruak kondizio jakin batzuk izan behar baititu. Jaizkibelgo aztarnategiaren kasuan, hain justu, maskorrek eragin zituzten beharrezko kondizio horiek. Izan ere, hareharriak azido egiten duen ingurua alkalino bihurtu dute; ondorioz, hezur askok fosildu eta osorik iraun dute.

Jarrera behartuan

Aranzadi Elkarteko Alvaro Arrizabalagak eta Mari Jose Iriartek egin dute aztarnategiaren indusketa .

1983. urtean Juan San Martinek aztarnategia bera aurkitu zuen. Dena dela, garai hartan ez zegoen garbi zer aurkituko zuten bertan. Hori jakiteko, Aranzadiko arkeologoek egin dute zundaketa, eta, esan bezala, giza hezurrak aurkitu dituzte.

Hala ere, ez dute hezurdura osoa aurkitu. Besoetako eta hanketako hezur handiak aurkitu dituzte, hau da, bi tibiak, bi peroneak, bi femurrak, bi kubituak, bi erradioak eta humeroen zatiak. Horrez gain, hainbat hezur txiki solte agertu dira: hortz bat, garezur-pusketa bat, astragaloa eta abar.

Hezur handien kokapena ikusita, ikertzaileek uste dute gizaki hori oso jarrera behartuan lurperatu zutela, erabat makurtuta, besoak eta belaunak bularrean bilduta eta ezkerralderantz okertuta. Jarrera hori ez da gorpu baten jarrera 'naturala', eta, beraz, hildakoa lotuta lurperatu zutela proposatu dute arkeologoek. Bestalde, iraun duten hezurretatik abiatuta, gorputza 30-40 urteko gizon batena izan zitekeela uste dute.

Ez dira giza hezurrak eta maskorrak aurkitutako aztarna bakarrak. Horrez gain, beste hezur batzuk, ustez etxe-abereenak, eta tresna batzuk ere azaldu dira. Zeramika- eta suharri-zatiak ere atera dituzte zundaketa horretan. Sua egiten zutela argi dago, bai topatu diren suharriengatik, baita ikatz-puska txikiak agertu direlako ere. Aztarnategi oparoa suertatu da, beraz, zundaketa bakar batean, bost hilabetean, material asko atera baita.

Noizkoa ote da?

Mari Jose Iriarte, maskorrez betetako bahea eskuetan duela.

Maskortegiak ez dira ohikoak arkeologian. Hala ere, bakar batzuk aurkitu izan dira Europan, Ipar Atlantikoan, batez ere. Horrek lagun dezake datazioa egiteko garaian, antzeko bizimodua zuten gizakien aztarnak antzeko datazioak izan ditzaketelako. Hori, estratigrafiaren ondorioak eta beste faktore batzuk kontuan hartuta, giza hezurrek 5.800-6.000 urte izatea litekeena dela iragarri dute ikertzaileek. Dena dela, ez da haien azken hitza; oraindik karbono-14 bidezko datazioa egitea falta da.

Erreferentzia bat izateko, gogoratu behar da trikuharriek 3.500-4.000 urteko datazioa izaten dutela, gutxi gorabehera. Horiek ere Neolito garaian sailkatzen dituzte adituek. Horren arabera, argi ikusten da Jaizkibelen aurkitutako aztarnak, 6.000 urte inguru izatekotan, lehen Neolitokoak izan litezkeela.

Garai zaharrak, eta, ustez, informazio asko utzi ez dutenak fosilen erregistroan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia