}

Nematodoak nekazaritza-sailetara garraiatzeko metodo berria

2002/05/16 Elhuyar Zientzia

Zientzialariek aspalditik dakite intsektuentzat hilgarriak diren nematodoak badaudela. Baina nematodo horiek nekazaritza-sailetako izurriei aurre egiteko nola garraiatu asmatu ezinik ibili dira luzaroan. Orain arte gehien erabili duten metodoetako bat nematodoak likido batean jarri eta spray baten bidez sailak lurrintzea izan da. Emaitza onik lortzen ez zenez, metodo berriak garatzen hasi dira, eta eraginkorren suertatu diren metodoetako bat nematodoak hildako intsektuen gorputzetan garraiatzea izan da.

Sistema horren bidez, nematodoak lurzorura heldu arte elikagaiez hornituta daude, eta beste intsektuak kutsatzeko erraztasun handiagoa dute. Baina arazo bat daukate gorpuek: maneiatzeko ez dira batere errazak, oso hauskorrak baitira eta elkarrekin itsasteko joera handia baitute.

Arazoak gainditu eta kontrol eraginkorra lortzeko, Estatu Batuetako Nekazaritza Ikertzeko Zerbitzuak gorpuak errazago manipulatzeko metodoa patentatu berri du. Metodoa gorpuak almidoi eta buztinez osatutako nahasketa batekin bustitzean datza. Nahasketa gogortzean, gorpua maneiatzeko askoz errazagoa bilakatzen da, zurrundu egiten baita. Lurzorura heltzean, nahasketa uretan disolbatzen da eta gorpua bigundu egiten da. Nematodoak nahikoa ugaldu direnean, gorputik atera eta intsektu berriak kutsatu eta hilko dituzte. Horrela, landatutako sailetan izurri diren intsektuak hiltzea lortuko da lurzorua pestizidekin kutsatu gabe.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia