}

Nekazaritza organikoa onuragarria dela baieztatu du Europako EUFIC Agentziak

2013/11/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

nekazaritza-organikoa-onuragarria-dela-baieztatu-d
Elikagai organikoen Europako logoa. Produktua ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko moduan ekoitzi dela eta jarduera organikoaren araudia betetzen duela bermatzen du etiketa horrek. Arg. Europako Batasuna.

Produktu eta nekazaritza-jarduera organikoen onurak frogatutzat jo ditu EUFIC Elikagaiei buruzko Informazio Kontseilu Europarrak, produktu eta jarduera horiei buruzko ikerketa zientifikoak biltzen dituen txosten batean. Txosten berean kontsumitzaileen pertzepzioaren berri ere eman dute, eta haiek produktu organikoak begi onez ikusten dituztela nabarmendu du EUFICek, nahiz eta horretarako ematen dituzten arrazoietako batzuk ez dauden ebidentzia zientifikoetan oinarrituta.

Horren adibideetako bat da elikagai organikoen balio nutrizionalari buruzko ustea. EUFICen esanean, elikagai organikoen kontsumitzaile gehienek uste dute produktu organikoak arruntak baino aberatsagoak direla nutrizioaren ikuspuntutik. Alabaina, ohartarazten du egin diren ikerketetatik ezin dela halakorik ondorioztatu.

Hala ere, ingurumenean eragiten dute inpaktuari dagokionez, produktu eta jarduera organikoak onuragarriagoak dira ohikoak baino. Esaterako, ekoizpen organikoan, lurrak nitrato eta fosfato gutxiago galtzen du, eta berotegi-gas gutxiago isurtzen da. Biodibertsitatean eta abereen ongizatean, aldiz, ez dute ondorio garbirik ateratzerik izan, eta gauza bera gertatzen da baliabideen erabileraren eraginkortasunean edo ezaugarri sentsorialetan.

Segurtasunari buruz, EUFICek azpimarratu du elikagai organikoak ohikoak bezain seguruak direla, eta dagokien etiketarekin bereizita daudenak berme osoa dutela. Aipatzekoa da elikagai organikoen kontsumitzaileek, bataz beste, gainerakoek baino fruta eta barazki gehiago jaten dutela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia