}

Neanderthal gizakiek kola erabiltzen al zuten?

2002/01/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Egur-mundrun fosildu batean aurkitutako hatz-aztarna batek Neanderthal gizakien adimenari buruzko eztabaida piztu du.

Alemaniako Harz mendien iparrean, Königsauetik gertu topatu duten fosil horrek, hatz-marka likatsuaz gain, suharri baten aztarna du, eta, ikertzaileen arabera, 80.000 urte baino gehiago ditu (ustez, Neanderthal gizakiak duela 300.000-30.000 urte bizi izan ziren).

Azterketaz arduratu diren arkeologo alemaniarren esanean, Neanderthal gizakiek urkia erretzen zuten itsasgarri iraunkorra egiteko. Horrela, egurrezko heldulekuan harrizko burua itsas zezaketen. Baina hori egiteko ahalmena zutela frogatzen bada, lehenengo Homo sapiens -en mailako trebezia eta ezagutza teknikoa izan zutela baieztatuko litzateke.

Hipotesiak eztabaida piztu du, eta bada Neanderthal gizakiek teknika hori Homo sapiens -ei kopiatu zietela esaten duenik ere. Dena dela, oraindik zalantzak daude datazioaren inguruan; beraz, azterketan sakontzean, eztabaida argituko luketen datuak azal daitezke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia