}

Neandertalak gaixotzen zirenean...

2013/11/01 Gómez Olivencia, Asier - Parisko Historia Naturalaren Museoa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Neandertalen osasun-espedientean miatzeko aukera izango bagenu, txostenetan ikusiko genituzke deskribatuta ehizan gertatutako zauriak, kanpamentuak mugitzean gertatutako erorikoak, edo zahartzaroan arruntak diren gaitzak. Giza paleontologiaren eta paleopatologiaren esparruetan egiten diren ikerketek hezur-apurketak, artrosia, eskoliosia eta infekzioak egiaztatzen dituzte giza espezie horretan. Neandertalek izan zituzten gaixotasunen inguruan egiten diren ikerketak oso tresna erabilgarria izan daitezke haien eguneroko bizimodua hobeto ulertzeko.
neandertalak-gaixotzen-zirenean
Musteriar aroko Kroaziako Vindija aztarnategitik ikusten den paisaia. Arg. Asier Gómez Olivencia

Neandertala da Europan eta Asiako ekialdean orain dela 200 mila eta 30 mila urte bitartean bizi izan zen giza espezie famatua. Famatua hiru arrazoirengatik: lehenik eta behin, deskribatu zen lehen espezie fosila delako; bigarrenik, espeziearen iraungitzea arkeologiak eta giza paleontologiak oraindik argitu ez duten misterioa delako, eta azkenik, neandertalaren eta gizaki modernoaren arteko gurutzaketak hamaika eztabaida sorrarazi dituelako, azkenaldi honetan genetikaren arlotik batez ere. Neandertalak gure urrutiko lehengusu/lehengusinak ziren, haiekin arbaso komun bat baitugu.

Itxurari dagokionez, arrek 165 cm eta emeek 155 cm inguru zuten, gorputz zabalekoak ziren, itxura sendokoak. Burmuin handia zuten garezur luze baten barruan, eta, aurpegiari begiratuta, deigarriena atzerantz okertutako kopeta, sudur handia, eta mutur handia izango lirateke. Bizimodu nomadako ehiztari-biltzaile haiek talde txikietan bizi ziren, gehienetan 10-30 lagunez osatutako taldetan. Beren ingurunea ezagutzen zuten, harrizko tresnak egiteko lehengai aproposak hautatzen zituzten eta aldez aurretik planifikatzeko gai ziren. Jokamolde konplexua eta hitz egiteko gaitasuna zuten, eta osorik topatu diren eskeleto gehienak ehorzketen ondorioak dira. Europan, batez ere Paleolito Ertaineko Musteriar kulturarekin (hobeto esanda, kulturekin) erlazionatuta daude, eta Châtelperroniar kultura ere neandertalei egotzi ahal zaie.

Neandertalei buruzko informazio gehiena indusketa arkeologikoetatik lortu dugu. Neandertalen garaiko aztarnategietan, batez ere haiek jandako animalien hezurrak eta ekoitzitako harrizko tresnak aurki ditzakegu. Gaur egun, indusketetan arlo guztietako zientzialariek parte hartzen dute, zeren, indusketa-prozesua aztarnategiaren suntsipen-prozesu kontrolatua denez, berreskuratzen ez den informazioa betiko galtzen baita. Batzuetan, neandertalen hezurren bat aurkitzen da, gehien bat haginak, eskeletoaren parterik gogorrenak direlako. Oso gutxitan aurkitzen dira eskeleto osoak.

Kroaziako Krapina aztarnategian topaturiko eskuinaldeko klabikulak. Goian, neandertal baten klabikula normala: goitik (a) eta atzetik (b) ikusita. Behean, klabikula-haustura sendatua: goitik (d) eta atzetik (e) ikusita. Lerro gorriek haustura-planoa markatzen dute. Arg. Asier Gómez Olivencia, Kroaziako Historia Naturaleko Museoaren baimenarekin

Neandertalen fosilak aztertzeko, teknika tradizionalez gain (anatomia konparatua eta analisi antropologikoak), gero eta arruntagoak dira medikuntzatik mailegutako prozedurak. Adibidez, fosilen tomografia konputerizatuak egitea edo DNA bilatzeko laginak hartzea prozedura arruntak dira gaur egun. Neandertalen hezurrak ikertzean, besteak beste, izan zituzten gaixotasunak aztertzen dira, eguneroko bizimodua hobeto ulertzeko oso baliagarria izan daitekeelako.

Paleopatologia

Antzinako gaixotasunen ikerketari paleopatologia deritzogu. Kontuan izan behar da paleopatologiak badituela muga batzuk. Batetik, anatomia patologikoan oinarritzen da diagnostikoa egiteko, eta ez dago aukerarik beste proba osagarriak baliatzeko. Bestetik, gaixotasun guztietatik, soilik hezurretan eragina duten gaitzen berri izan dezakegu fosilak aztertuta. Eta, azkenik, gaixotasun ezberdinek antzeko arrastoak utz ditzakete leku jakin batean. Horregatik, normalean, eskeleto osoan begiratu behar izaten da, eta, fosiletan, ez da beti izaten horretarako aukerarik.

Bestalde, gaixotasunak, oro har, hiru multzo handitan sailka daitezke: kolpe edo trauma baten ondorio direnak, infekzio baten eraginez sortutakoak eta zahartzaroan agertzen diren endekapenezko gaixotasunak. Maiz, binaka edo hirunaka agertzen dira. Adibidez, hezur bat hausteak infekzioa sorraraz dezake, edo epe luzera artikulazio baten endekapena eragin.

La Chapelle-aux-Saints neandertalaren saihetsa (ezkerrean), tomografia konputerizatuari esker lorturiko 3Dko berreraiketa (erdian) eta hezurraren sekzioa (eskuina) ezohiko hezur-hazkundea erakutsiz (gezia). Arg. Antoine Balzeau eta Asier Gómez Olivencia, Muséum National D'Histoire Naturelle-ren baimenarekin

Zer dakigu neandertalen osasunari buruz?

Hasteko, amaren esneaz elikatzetik elikadura solidora igarotzea latza zen neandertalentzat, haginak haztean esmaltean gelditzen diren akatsek agerian uzten dutenez. Hortzetako lertzoa arrunta izan arren, oso kasu gutxitan aurkitu da txantxarra. Traumei dagokienez, berriz, neandertalek buruan kolpe gehiago hartzen zituzten zantzuak topatu dira. Aldiz, esanguratsua da hanketan hezur-hausturen seinale askorik ez topatzea. Segur aski, hankako hezur bat hausteak, gehienetan, heriotza ekarriko zuen, bizimodu ehiztari-biltzaile nomadan hankak funts onean izatea ezinbestekoa baita. Irakeko kobazulo batean, trauma baten kasu larria aurkitu da: Shanidar 1 neandertalak eskuineko besoaren erdia galdu zuen, eta denbora luzean zehar jarraitu zuen bizirik.

Neandertal zaharren eskeletoetan, askotan aurkitzen dira endekapenezko gaitzen zantzuak. Famatuenetariko bat Frantziako La-Chapelle-aux-Saints aztarnategian topatutako agurea da. Gutxienez 55 urte zituen, eta hil aurretik galdu zituen hortz gehienak. Gainera, ornoetan eta pelbisaren ezkerreko aldean artrosi bortitz baten seinale nabarmenak zituen, besteak beste. Shanidar 3 agureak ere arazoak zituen bizkarrezurrean: alde lunbarrean, ornoarteko diskoa ia galdua zuen, eta, horren ondorioz, bi ornoen arteko distantzia murriztu zen, haien apofisi zorrotzak ukitzera helduz. Horri Baastrup gaixotasuna deritzogu, eta gaur egungo kasuetan oso mingarria da.

La Chapelle-aux-Saints. Geziak hortz falta adierazten du. Arg. PLOS/CC

Neandertalen fosiletan oso adibide gutxi dago hezurrei eragin dieten gaixotasun infekziosoei buruz. Kontuan izan behar dugu espezie horren populazio-dentsitatea oso txikia zela, ehiztari-biltzaile talde gehienetan bezala, oso zaila izango zen gaixotasun bat talde batetik bestera transmititzea, eta, horren ondorioz, gure kasuan ez bezala, neandertalek ez zuten arrazoirik pandemien beldur izateko.

Badago, hala ere, lesio traumatiko, endekapenezko eta infekziosoen seinaleak dituen neandertal baten eskeletoa: La Ferrassie 1. Gaztetan femurraren trokanter handia apurtu zuen; horrek ez zion mugimendua mugatu, baina pelbisean desoreka bat sortu zion, epe luzean eskoliosia eragin ziona. Gainera, hezur luzeetan, biriketako infekzioa zuela adierazten duen ezohiko hezur-hazkundea ikusi da.

Bestalde, neandertalek, segur aski, gaixotasunak eta lesioak gainditzeko sendabelarrak erabiliko zituzten. Gure espeziean eta txinpantzeetan aurkitu den ekintza denez, ziur aski gure arbaso komunean jada bazegoen jokabide hori, orain dela sei miloi urte.

Gaixotasunak gainditzea, taldearen elkartasunaren seinale?

La Ferrassie 1 neandertalaren bosgarren orno lunbarraren ikuspegi dortsala (a) eta haren irudikapena (b). Geziek adierazten dituzte aurreko orno lunbarrarekiko ukitze-puntuak. Eskuineko eskeman, ornoaren apofisi zorrotzaren errotazioa nabarmentzen da, 20-25º ingurukoa eta eskoliosia adierazten duena. Arg.: Asier Gómez Olivencia, Muséum National D'Histoire Naturelle-ren baimenarekin.

Jakin badakigu neandertalak gaixotzen zirela eta, kasu batzuetan, zauri larriak izanda ere, sendatzen zirela. Zauri edo gaixotasun horiek ondorio fisikoak ekar ditzakete, eta, kasu batzuetan, zauri baten ondorioz berriro ehizatzea ezinezkoa suertatuko zitzaien. Ikerlari batzuen ustez, indibiduo hori une horretatik aurrera elbarri geratuko zen eta haren biziraupena taldearen laguntzari lotuta geratuko zen. Ondorioz, patologia handi bat gainditu duten eskeletoak topatzen ditugunean haien taldeak erakutsiko zion gupidaren froga bilakatzen dira.

Hala ere, arrazonamendu horretan hainbat akats egon daitezke. Hasteko, mugitzeko zailtasunak edo ehiza ezin egiteak ez du galarazten taldearen beste zenbait ekintzatan parte hartzeko ahalmena: fruituak biltzea, tresnak ekoiztea edo ekoizten irakastea, umeak zaintzea, eta abar. Gainera, naturan, primate eta beste ugaztun-talde askoren artean ikusi dira gaixotasun edo istripu baten ondoren bizirik iraun duten kasuak. Zepo batean eskua galdu duen hartzaren, edo eroriko handi baten ondorioz besoa hautsiagatik aurrera jarraitu duten tximinoen kasuak uste baino arruntagoak dira. Ezin da ukatu gupidaren aukera neandertalen artean, baina beste aukera batzuk ere kontuan izan behar ditugu. Onartzen badugu gaitasun kognitibo handiko izakiak zirela eta albo batera uzten baditugu aurreiritzi politikoki zuzenak, neandertalen portaeraren malgutasuna onartu ahal izango dugu. Neandertalak elkartasunaz zein bihozgabekeriaz jokatzeko gai ziren, gure espeziean gertatzen den moduan.

Erreferentziak

Basabe, J.M.: "El húmero premusteriense de Lezetxiki (Guipúzcoa)". Munibe, XVIII (1966),13-32.
Berger, T.D.; Trinkaus, E.: "Patterns of Trauma among the Neandertals". Journal of Archaeological Science, 22 (1995), 841-852.
Bonmatí, A.; Gómez-Olivencia, A.; Arsuaga, J.L.; Carretero, J.M.; Gracia, A.; Martínez, I.; Lorenzo, C.; Bermúdez de Castro, J.M.; Carbonell, E.: "Middle Pleistocene lower back and pelvis from an aged human individual from the Sima de los Huesos site, Spain". Proceedings of the National Academy of Sciences, 107 (2010), 18386-18391.
Campillo, D.: Introducción a la paleopatología. Bellaterra arqueología, Bartzelona (2001).
Castaños, P.M.: "Revisión actualizada de las faunas de macromamíferos del Würm antiguo en la Región Cantábrica", in: Lasheras, J.A., Montes, R. (Eds.), Neandertales cantábricos, estado de la cuestión. Altamirako museoa, Santander, (2005), 201-207 or.
Fennell, K.J.; Trinkaus, E.: "Bilateral Femoral and Tibial Periostitis in the La Ferrassie 1 Neanderthal". Journal of Archaeological Science, 24 (1997), 985-995.
Gómez-Olivencia, A.: "The presacral spine of the La Ferrassie 1 Neandertal: a revised inventory". Bullétins et Mémoirs de la Societé d'Anthropologie de Paris, 25 (2013), 19-38.
Dettwyler, K.A.: "Can paleopathology provide evidence for "compassion"?". Am. J. Phys. Anthrop. 84 (1991), 375-384.
Ríos, J.: "Variabilidad tecnológica en el Paleolítico Medio de los Pirineos Occidentales: una expresión de las dinámicas históricas de las sociedades neandertales". Treballs d'Arqueologia, 14 (2008), 171-194.
Trinkaus, E.: "Pathology and the posture of the La Chapelle-aux-Saints Neandertal". American Journal of Physical Anthropology, 67 (1985), 19-41.
http://www.fapas.es/index.php/boletines-digitales/boletin-n-10-sep-2010.
Lezetxikiko humeroa
Lezetxikin aurkitutako humero preneandertala. Arg. J. Altuna
Euskal Herrian topatu den giza fosil zaharrena Lezetxikiko aztarnategiko humero oso bat da. Joxemiel Barandiaranek aurkitu zuen, eta J.M. Basabek aztertu. Hezurraren alde proximalean dagoen ezohiko hezur-hazkundeak egiaztatzen du sorbaldan artrosia izan zuela.
Euskal Herriko neandertalak
Euskal Herrian, Musteriar aroko hainbat aztarnategi daude, baina haien artean ezagunenak Bizkaiko Axlor, Arabako Arrillor eta Gipuzkoako Lezetxiki kobazuloak dira, haietan neandertalen arrastoak eskuratu baitira. Aztarnategi horietan egindako ikerketek erakusten dute denboraren joanarekin neandertalen gizarteak aldatuz joan zirela. Ehizatzen zituzten animaliak, egiten zuten tresneria eta erabiltzen zituzten lehengaiak aldatuz joan ziren, kobazuloak eta ingurunearen ustiaketa denboran zehar aldatuz zihoan heinean. Datu horiek iradokitzen dute neandertalek aldez aurretik planak egiteko gaitasuna eta malgutasun kulturala zutela. Neandertalen gizarteari buruz aritu beharrean, denboran zehar eta tokiaren arabera aldatzen ziren gizarteei buruz hitz egin behar genuke, eta hori oso urrun dago espezie horretarako orain dela ez hainbeste urtera arte proposatzen ziren eskema kultural finko eta aldaezinetatik. Adibide gisa, Axlorren behe-mailaren eta goi-mailen artean desberdintasun nabarmenak daude, bai harrizko tresneriari, bai animalien fosilei dagokienez.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia