Neandertalak eta gizaki modernoak mila urtez baino ez ziren aldi berean bizi izan eremu kantauriarrean
2018/04/24 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
PLOS ONE aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, Marínen esanean, haren helburu nagusia zen “argitzea ea bi espezie horien artean harremanik izan ote zen, eta gizaki modernoaren iritsierak zenbateraino eragin zuen neandertalen desagertzean, eremu kantauriarrean”.
Hain zuzen, eremu kantauriarra da, Europa osoan, neandertalen eta gizaki modernoaren arteko trantsizioaren garaiko ondare arkeologiko aberatsena duenetako bat, hasi Euskal Herritik eta Asturiaseraino. Aztarnategien datazioak, ordea, ez ziren zehatzak. Hala, ikerketa honetan, 51 datazio egin dituzte, bi espezieak bizi izan ziren 13 aztarnategitan. Euskal Herrikoak hauek dira: Axlor, Bolinkoba, Ekain, Amalda eta Aitzbitarte III.
“Bi espezieek jandako animalien hezurrak datatu ditugu. Erabilitako metodoarekin, karbono 14 AMS ultrafiltrazioarekin, kutsadura-arrasto guztiak baztertu ditugu, eta datak eredu bayesiarraren bidez analizatu ditugu, Arrasateko Labeko Koban bezala”, azaldu du Marínek. Lehen aldiz aplikatu dute metodologia hori garai horretan, Europan. Horri esker, trantsizio-garaiko kronologia zehaztu dute, berme handiz: “Alde horretatik, ikerketa honek mugarri bat jarri du”. Adibidez, ohartu dira zenbait aztarnategi gaizki datatuta zeudela, batzuk baita okerreko espezieari egotzita ere. “Azken neandertalen arrastoak Amaldako kobazuloan aurkitu ditugu”, zehaztu du.
Hortik abiatuta atera dituzte bi giza taldeen bizimoduaren eta bilakaerari buruzko ondorioak. Besteak beste, agerian geratu da, Marínen ustez, lekuko kondizioak sakon ikertzeko beharra: “Badakigu neandertalek trebezia tekniko, antolamendu eta kultura aberatsak zituztela, belaunaldiz belaunaldi transmititzen zituztenak, eta lan honek erakutsi digu ez zirela aldi berean desagertu Europa osoan, baizik eta toki batzuetan lehenago eta beste batzuetan geroago. Eremu kantauriarrean, neandertalek eta gizaki modernoek denbora gutxi egin zuten elkarrekin; hortaz, lekuko kondizioak ezagutu behar ditugu, haiek desagertzean eragin zuten gakoak argitzeko”.
Horrenbestez, dagoeneko hasiak dira azken neandertal kantauriarrek izan zituzten kondizio klimatiko eta ingurunekoak aztertzen. “Horretarako, jan zituzten animalien hezurren isotopo egonkorrak analizatzen ditugu, animalia horiek bizi izan zituzten kondizioen berri ematen baitigute zuzenean, eta, beraz, baita neandertalenak ere”, esan du Marínek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia