Nazioarteko uretan egiten den ustiaketa betiko debekatzea eskatu dute zientzialariek
2025/06/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hainbat zientzialari entzutetsu elkartu dira, behin betiko debekatu dadin itsas zabalean egiten den ustiaketa: arrantza, itsas hondoko metzaritza, eta gas- eta petrolio-erauzketa. Nature aldizkarian argitaratu dute eskaera, eta argi utzi dute debekua ezinbestekoa dela itsas biodibertsitatea, klima eta ekitatea babesteko. Horrez gain, neurri erabakigarria da 2022an sinatu zen Biodibertsitateari buruzko Esparrua betetzeko; alegia, ozeanoen % 30 babestea, 2030 urterako.
Artikuluan, debekua eskatzeko lau arrazoi azpimarratu dituzte. Batetik, klimaren egonkortasuna. izan ere, itsasoak planetaren karbono-gordailu handienak eta seguruenak dira. Bestetik, biodibertsitatea eta arrantza: debekuari esker, nazioarteko uretan arrantzatzen diren hainbat espeziek bere onera etortzeko aukera izango lukete, eta, hala, Hego globaleko lurraldeentzat ere eskuragarri egongo lirateke. Petrolioari eta gasari dagokienez, berriz, esan dute ez dagoela inolako arrazoi klimatikorik erregai fosilak erauzteko nazioarteko uretan. Eta, azkenik, antzekoa esan dute itsas hondoko meatzaritzaz, eta ingurumenerako eta klimarako oso arriskutsua izan daitekeela ere gehitu dute.
Erregaiei eta mineralei buruz, gainera, esan dute lur lehorrean daudenak hobeto ustiatu behar direla: modu jasangarriagoan, gobernantza hobeaz eta gardentasun handiagoz. Energia berdearen garapen azkarra beharrezkoa dela ere nabarmendu dute.
Sinatzaileen artean, ospe handiko zientzialariak daude, arlo guztietakoak: ozeanografoak, klima-zientzialariak, arrantzan adituak, ekonomialariak, ekologoak… Nazio Batuen Erakundeak 2023an onartutako Nazioarteko Uren Ituna aipatu dute. Onartu dute etorkizunean babes handiagoa lortzeko bidea jarri zuela; baina, hala ere, premiazkoa iruditzen zaie neurriak hartzea lehenbailehen. Haien ustez, debeku-eskaera ez da ezer alternatiboa edo muturrekoa; egingarria da, eta ezinbestekoa, bere garaian Antartika babesteko hitzarmena izan zen bezala.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia