}

"Naturari buruzko dokumentalak telezaborra dira". Iritzi artikulua

2003/05/01 Larrinaga Larrazabal, Asier Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zientzia-dibulgazioaren ikuspegitik, bi jokabide gaitzesgarri topatu ditut naturari buruzko dokumentaletan: sentsazionalismoa eta interpretazio-gako okerrak ematea. Nola liteke, orduan, ikusleek prestigiorik handieneko programatzat edukitzea?

Sinetsita gaude informazioa boterea dela, eta datu soila ezagutzaren giltzarri bihurtu dugu. Ez gara ohartzen datua bere horretan ez dela pentsamendu edo iritzi baten berme nahikoa. Datua testuinguruan kokatzen ez bada, harritu egingo gaitu, agian beldurtu, edo eskandalizatu, baina besterik ez.

Hainbat dokumental egiten direnean, funts bakarra ikusleari zirrara eragitea izaten da, sentsazionalismoa. Edo hala irudi du. Irudi du ordubeteko produkzio bat sobera justifikatuta dagoela ikusleak txunditurik uzten baditu, meteoritoetan molekula organikoak aurkitu dituztela esanda, adibidez.

Berez, aurkikuntza munta handikoa da. Lehen berria 1963an eman zuen I. Kaplan geokimikariak, Frantzian 1864an jausi zen meteoritoa analizatu ondoren. 3.600 milioi urte lehenago beste meteorito bat jausi zen Martetik. Joan den hamarkadan aurkitu zuen NASAk Antartikan, eta lehen ikerketek dokumental askotarako materiala eman dute. NASAk hidrokarburo aromatiko poliziklikoak detektatu ditu Martetiko meteoritoan, baita Lurreko mikroorganismo primitibo batzuen jardueraren hondarrek uzten dituzten konposatu mineralak diruditen aztarnak ere.

Dokumentaletan Antartikako meteoritoan molekula organikoak daudela esaten dute, ñabardurak eta inguruabarrak erantzita, eta datu horren aitzakian Marten behinola bizidunik egon ote zen galdetzen dute. Erantzun bila, planeta gorria esploratzera bidaltzen gaituzte Mars Global Surveyor eta beste misio zirraragarri batzuetan, baina irudi ikusgarri batzuk kenduta, gutxi gehiago ematen digute. Marteko balizko biziaz, eta biziaz, oro har, lehengo jakin-minarekin uzten gaituzte.

1924an Oparin biokimikariak prozesu prebiotikoei buruzko hipotesia plazaratu zuen, esanez Lurreko atmosfera primitiboaren karbonozko eta nitrogenozko molekula inorganiko bakunetatik eratu zirela lehen molekula organikoak. Oparinek azaldu bezalako erreakzioak laborategian frogatu zituzten 1952. urtean Ureyk eta Millerrek. Egun, meteoritoetan aminoazidoak eta base nitrogenatuak aurkituta, prozesu prebiotikoakegiaztaturik geratu dira. Hots, zilegi zaigu esatea planeta urdin honetan ezagun dugun bizia sortzeko lehen urratsa ez zela mirarizko edo salbuespeneko jazoera bat izan, erreakzio kimiko arrunten ondorioa baizik.

Dokumental baterako trinkoegia da hortik aurrerako arazoa, baina horraino bidaia entretenigarria egingo zuketen ikusleek, biziaren sorkuntza Marteren esplorazioa bezain telebista-ikuskizun zirraragarria da eta. Abentura espazialaren aldean, gainera, materia inorganikotik organikora heltzeko prozesuak gure existentzia eta zientzia ulertzen laguntzeko testuingurua eskaintzen digu.

Dibulgazioa, zientziaren isla

Zientzia itauntzen jakitea da. Erantzun jakina edo emanezina duten galderak eginez gero, ez dugu emendatzeko bidean jarriko ez norberaren jakituria, ez giza jakintza. Zientzialariek berariazko prestakuntza behar dute itauntzen eta datuak interpretatzen ikasteko, baina horrek ez du esan nahi zientzia adituek bakarrik uler dezaketenik. Dibulgazioaren zeregina, hain zuzen, zientzia-metodoak eta ezagutzak edonork ulertzeko moduan aurkeztea eta azaltzea da.

Izadiari buruzko dokumentaletan dibulgazio gutxi aurkitu dut nik, eta pentsaera antizientifiko asko, maiz zientzialarien ahotik. «Intsektu honek ez du batere interesik gizakiarentzat, baina hemen dago, eta, planetaren kudeatzaile garen aldetik, bizirik iraun dezan arduratu behar dugu». Horrela amaitu zuen amerikar kakalardo sarraskijaleari buruzko dokumentala Block uharteko kontserbazio-buruak.

Erratuta dago gizakiak izadian duen tokiaz, eta ikusleei nor garen eta non gauden jabetzen lagundu ordez, mundu-ikuskera antropozentrikoa berresten die.

Antropozentrismoa gizakia ororen erdigunetzat hartzea da, baita mundua giza bizipen eta balioetatik begiratuta interpretatzea ere, dokumentaletan egin ohi duten bezala: amiamoko arra eta emea «betiko esposatzen dira»; lehoinabar emeak «maitekiro laztantzen du arra», parekatu ondoren... Giza emozioak eta jokabideak egotzi eta gero, ia berez dator epai morala: «kraba doi bat nagia da; astiro eta hondotik gertu ibiltzen da igerian». Foka lehoinabarraren «itxura fin eta lirainak izaera ankerra ezkutatzen du». Lizentzia literariorik gabe basabizitzaren kontakizuna agorra litzatekeela onartuta ere, ez da zilegi ikusleak nahastea. Animaliak eta landareak ez dira pertsonak. Ez dute maitatzen, ez dute heriotzarik ematen, ez dira alfertzen. Hori dena badakigulakoan, ikuspegi antropozentrikoa garun-muineraino sartu zaigu. Bestela, zer esan nahi du bizidunak beren gene-ondarea hurrengo belaunaldian uzteko lehiatzen direla? Ez ote da gure leiha?

Finalismoaren ildoa

Eboluzio-teoriaren bulgarizazioak txarrak izaten dira. Bizidunak beren geneak hurrengo belaunaldian uzten ahalegintzen direla esanez gero, inork ez du pentsatuko bizidunek badakitela zer diren geneak, baina askok ulertuko dute bizidunak zentzudunak direla. Naturak agintzen bide diena betetzeko bezain zentzudunak, bederen. San Tomas Aquinokoak irakatsi zuen gizaki bakoitzak bere baitan idoro ditzakeela moral naturalaren aginduak, eta irudi luke motz geratu zela, agidanean bizidun guztien baitan ezarririk baitaude aginduok. Pertsona batzuek ugalketari lotu gabeko sexua gaitzesgarria dela aurkitu dute beren baitako arakaketan, eta izadia ararteko atera bide zaie. Dokumentaletan bai, behintzat: «hipopotamoak hipopotamo-kumeak izateko parekatzen dira». «Alargun beltz arrak palpo-muturra uzten du emearen ernalzuloan estalketa-tapoi gisa, hurrengo belaunaldiak bere geneak daramatzala ziurtatzeko».

Egia beste bat da, ordea. Egiatan, sexu-harremanak senez gertatzen dira naturan, eta gizakiak bakarrik arrazionalizatzen ditu, jatea edo lo egitea arrazionalizatzen dituen bezala. Alargun beltz arra ez da jabetzen bizidun berriak sortuko direla bere esperma emearen barruan utzi ondoren. Nekez izango du, hartara, bere leinuaren kezka.

Izadiko gertakariak azaltzean, hitz egiteko modua aldatu behar da, ez sinetsarazteko inori giza bizipenak eta balioak orokorrak direnik, eta are gutxiago bizipen eta balio horien justifikazioa izandian bertan aurki daitekeenik. Horrela, antropozentrismoaz gain, beste interpretazio-gako oker batzuk ere ekidingo dira; lehenik, finalismoa. Izan ere, ikuspegi antropozentrikoa eta interpretazio finalista pentsamolde beraren aurkia eta iruntzia izaten dira askotan. Ezagumenik eta arrazoimenik ez duenari ezin zaio helbururik egotzi bere jardueran, baina oso erosoa zaigu gertakariak helburu baten argitan ulertzea.

Dokumentaletan erosoenera jotzen dute: zetazeoen arbasoei «ilea eta atzeko hankak desagertu, sexu-organoak barneratu, eta gorputza aerodinamiko bihurtu zitzaien, uretan hobeto mugitzeko». Absurdoa da egitura organikoak beren kabuz aldatu zirela pentsatzea. Ez da gutxiago absurdoa bizidunek berek helburu batekin aldarazi zituztela pentsatzea. Absurdoa da, bai, eta horregatik halako esaldiei hitz egiteko modu bat baino gehiago diren itxura hartzen diet. Indar handia hartuz doan iruzur intelektual baten egiak dira.

Eboluzioaz aritzean

Eboluzioaren teoria ez zuen Darwinek formulatu. Darwinek eboluzioaren mekanismoa azaldu zuen: hautespen naturala. Hautespen naturala izadian berez gertatzen den bereizkuntza da, zeinen ondorioz ugal-arrakasta duten indibiduoen karaktereek bakarrik irauten baitute. Bereizkuntza gerta dadin, aldaerak behar dira.

Darwinek ez zuen jakin ez karaktereak nola transmititzen diren, ez aldaerak nola agertzen diren. Herentziaren teoria gogobetegarririk ezean, lamarckismoa arnasberritu egin zen XIX. mendearen amaiera aldera, ordurako zientzialariek baztertua zuten arren, hainbat saiakuntza egin eta gero.

Lamarcken teoriak, Darwinen teoriaren aldean, giza itxaropenekin bat egiten zuen: organismo guztiek barne-kemen moduko bat dute, senez konplexutasun handiagora bultzatzen dituena. Ingurunean aldaketak gertatzen direnean, barne-kemenak ingurune berriko premiei erantzuteko moldaerak eragiten ditu, organismoa konplexutasun handiagora eraman ez arren. Moldaerak ondorengoek ere gordetzen dituzte, hots, erdietsitako karaktereak heredagarriak dira. Genetikak erabat gezurtatu du hori, baina Lamarcken teoria ez da itzali. Hainbatentzat, jakintzaren aurrerabidean zientziak eta beste interes batzuek bat egin ezineko unea iritsi da, eta irudi du bidegurutzean nahiago izan dutela errebelazioaren zidorretik jo. Batzuek kreazionismo kontsolagarriari heldu diote, baina beste batzuek aipaturiko iruzur intelektualarekin erantzun diote zientziari: barne-kemenaren teoriarekin.

Barne-kemena existitzen delarik, ez daukate eboluzioa ukatu beharrik. Eboluzioa lerro artez bat dela dioskute, mila bider adarkatua, baina arteza, gizakiraino iritsi behar zuena, eta gizakiraino iritsi zena. Lamarckek ez zuen antzekorik esan, eta benetako zientzialaria izan zen, gainera. Iruzurgile hauek, ordea, zientziari bere armekin irabazteko ahaleginean ari dira, argumentu pseudomatematikoak erabiliz: ehunka mila urteko eta ehunka mila urratseko eboluzioan gizakiraino heltzeko probabilitatea 1/1030 baino txikiagoa izanik, alegia, ezdeusa izanik, halakorik ez zatekeen inoiz gertatuko, aldez aurretik programatuta edo zuzenduta egon ez balitz. Argumentua faltsua da, noski, ez baitu zentzurik gertatua gertatzeko probabilitateaz mintzatzeak.

Berriro ere, tamalez, dokumentaletako hizkera bitartekorik onena zaio pentsaera antizientifikoari. Gidoilariek, iruzurraz ohartarazi beharrean, lau haizeetara zabaltzen dute: Patas tximinoek «lur zabalean harraparien arrisku handiagoa dute, eta zutunik urrunago ikus dezakete, behintzat. Baliteke gu geu ere arrazoi berdinagatik zutitu izana». Giboiak «luzaroan geratzen dira adarretatik zintzilik, eta, ondorioz, tximinorik gehienek baino jarrera artez eta bertikalagoa dute. [...] Ez ote zen hauxe izango garrantzizko etapa, azkenean bi oinen gainean zutik ibiltzera eramango gintuen bidean?».

Halako ideiak zaborra dira. Izadiari buruzko dokumental gehienek izadiaren interpretazio ustela egiten digute, eta sentsazionalistak dira. Ez gaituzte ez informatzen, ez hezten. Zer dira naturari buruzko dokumentalak, bada, telezaborra ez badira?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia