Naturaren babesaren egoera Euskal Herrian
1988/02/01 Barandiaran, Mariaje | Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Guk horietaz gozatzerik badaukagu. Horietan naturarekin bat izan gaitezke eta naturaren nagusitasunaz jabe gaitezke. Gure seme-alaba eta ilobek aukera berdinik izango al dute? Gure esku dago hori. Naturari behar eta merezi duen begirunea badiogu eta ingurugiroa behar bezala zaintzen badugu, esku artean dugun ondarea, gurea bakarrik ez dena, gure oinordekoei luzatzeko aukera izango dugu.
Hamaika eraso jasan ditu naturak gure artean. Euskal Herria txikia da eta biztanleria nahikoa handia du. Ondorioz, gizakiak naturan egiten duen presioa areagotu egiten da. Erasoa Kantauri Itsasoari begira dagoen isurialdean nabaritzen da batez ere. Basoak bota egin dira eta espezie arrotzez landatu, animaliei eraso egin zaie (kasu askotan iraungiz), ibai eta errekak zikinduak daude, mendiak orbainez josirik zentzurik gabe egindako pisten kausaz eta padura eta inguru hezeak lurrez eta betegarriz estali dira. Euskal Herriko garai bateko ekosistemak aldaturik eta degradaturik daude eta toki gutxi batzuetan soilik jarraitzen dute jatorrizko egoeran.
Gure gizartea naturarekiko begirunean hezi behar da. Hala ere hori ez da nahikoa. Gizartea naturarekiko begirunean hezteaz aparte naturgune berezi horiek jasan ditzaketen erasoetatik babestu egin behar ditugu. Horretarako lege egokiak egin eta aplikatu behar dira. Ingurune eta lurralde babestuak, euskaldunon ondare naturalak iraungo duela ziurtatzeko modu bat (ez bakarra) dira. Zein egoeratan daude ingurune babestuak Euskal Herrian?
Naturak Euskal Herrian duen babes-maila aztertzeko unean Euskal Herri penintsularrari mugatuko gatzaizkio Ipar Euskal Herriari buruzko daturik bildu ahal izan ez dugunez. Tamalgarria izanik ere Euskal Herria osorik hartu ezinik gabiltza maiz.
Estatuko egoera
Ingurune babestuek Euskal Herri penintsularrean duten egoera aztertu baino lehen, Espainiako legeriak ingurugiroa babesteko zein aukera ematen duen aipatuko dugu. Estatuan lege-andana zabal bat arduratzen da ingurugiroaren babesaz. Ondokoak dira aipagarrienak: Ingurune Natural Babestuen Legea, Mendien Legea, Ibai-Arrantzaren Legea, Uraren Legea eta Zoruaren Legea. Hauen artean babesari zuzenki lotutako legeak, Ingurune Natural Babestuen Legeak alegia, lurralde babestuak lau maila desberdinetan sailkatzen ditu: Interes Zientifikoko Erabateko Erreserbak, Parke Nazionalak, Interes Nazionaleko Paraje Naturalak eta Parke Naturalak.
Maila hauek banan-banan azter ditzagun.
Babes-mailarik handiena Interes Zientifikoko Erabateko Erreserbek daukate. Normalean azalera handiko lurreremuak ez dira eta gainera oso interes zientifiko handia dute. Ikerketa zientifikoari mugatzen zaizkio ingurune babestu hauek. Hauen helburua bikoitza da. Alde batetik, ingurune horiek erabat babestu, gorde eta hobatzea nahi da eta bestetik horien aldaketa, perturbazioa, hondamena eta transformazioa eragingo duten ekintzei ekidin nahi zaie. Maila honetako tokirik ez da Euskal Herrian, nahiz eta Nafarroako Gobernuak argitaratutako legerian aipatzen diren Erabateko Erreserbak oso antzekoak izan. Kategoria honetakoa Doñanako Parke Nazionalean dagoen Erreserba Biologikoa da esaterako.
Parke Nazionalak bestetik, hedadura handiko lurraldetan ezartzen dira eta beren helburu nagusiena gizakiak oraindik ukitu ez dituen ekosistemak, berean iraun dezaten, babestea da. Normalean oso paraje ederrean kokatzen dira. Ez dago Euskal Herrian parke nazionalik, baina asko dira Huesca-ko Ordesa-n dagoena bisitatzen dutenak.
Paraje Naturalak bestalde, azalera murritzeko interes bereziko alderdiak dira.
Azkenik, Parke Naturalen helburu nagusia, babesaz at, gizakiak naturarekin dituen harremanak erraztea da. Helburu hezitzailea daukate azken finean. Euskal Herrian badugu parke natural bat: Nafarroan Bidasoaren magalean dagoen Bertiz Jaurreria alegia (Ikus Elhuyar. Zientzia eta teknika 3. alea)
Azaldu ditugun azken hiru mailatan posible da baliabide naturalak erabiltzea, bisitarientzat zabalik egotea adibidez, eta babes-helburua mantentzea. Lehenengoan ez dago horrelakoa egiterik. Berean eta ukitu gabe utzi behar dira ingurune horiek.
Euskal Herriko egoera
Administratiboki Euskal Herri penintsularra bi komunitate autonomotan erdibiturik dago. Zatiketa hori naturaren babeserako hartu diren neurriei eta babesaren egoerari ere aplika dakieke. Alor honetan bi egoera zeharo desberdin dago. Badute bi komunitateek ardatz amankomun bat; legislazioak ematen diena alegia. Eta hau ez da txantxetako puntua, egokiro erabiltzeko borondatea baldin badago. Bestelakoa da ordea bi komunitateek eskubide horretaz egiten duten erabilpena.
Nafarroako Foru-Komunitateak eta Euskadiko Komunitate Autonomoak ingurugiroari buruz estatuan egiten denaren lege-garapena egin dezakete alde batetik. Bestetik, mendien maneiurako eta zoruaren plangintzarako (arau urbanistikoak ezartzeko ahalmena esaterako) konpetentzia esklusiboak dauzkate. Azken posibilitate hau oso erreminta boteretsua da, zeren eta ingurune babestuak diseinatzeko, sailkatzeko, mailakatzeko eta ezartzeko ahalmena ematen bait du. Nafarroan adibidez bide hauxe erabili dute zoruaren erabilpena sailkatzeko eta bide batez ingurune babestu desberdinak definitzeko.
Euskadiko Komunitate Autonomoaren egoera, guztiz penagarria da. Alde batetik estatuan dagoen legeria ez du aplikatu eta bestetik legeria propiorik ez du sortu. Nafarroan aitzitik, estatuko legeria aplikatu da eta honen hutsuneak betetzeko bertakoa sortu da.
Nafarroako egoera
Aipagarria da Nafarroako Gobernuak, orain arte, izan duen jarrera. Alde batetik Estatuko legeak ematen dizkion aukerak erabili ditu eta bestetik lege horiek osatzeko foru-lege propioak promulgatu ditu.
Lehenengoaren aplikazioaren ondorioz 1984.az gero Bertiz Jaurerria Parke Naturala da, 2000 Ha hartzen dituelarik.
Bestalde, Lurraldearen Erabilpen eta Babeserako Hirigintz Arauen Foru-Legeak, Estatuaren legerian kontutan hartzen ez den zenbait alderdi garatzen du. Foru-Lege honen arabera lau mailatan banatzen dira babestutako eremuak: Erabateko Erreserbak, Erreserba Naturalak, Kokagune Naturalak eta Aisiarako Area Naturalak. Lehenengoak babes-mailarik handiena du eta azkenekoak txikiena.
Foru-Lege honek eraginda, badira gaurregun 3 Erabateko Erreserba eta 38 Erreserba Natural Nafarroan. Erabateko Erreserbak, Isaban (Ukerdi eta Aztaparreta) eta Otsagin (Lizardoia) daude. 38 Erreserba Naturalen artean Pitillaseko aintzira, Arbaiun eta Ilunberriko arroilak, Olleta eta Putxerri mendiak aipa daitezke.
Nafarroako legeak babestutako guneak, 41 alegia, asko direla dirudi. Hala ere ez da asko guztira hartzen duten azalerari so egiten badiogu: 9 500 Ha, hau da, Nafarroako azaleraren %1. Azalera hau estatuan babestuta dagoenarekin (%0,39) eta Europan dagoen batezbestekoarekin (%0,62) konparatzen badugu, aski handiagoa denaz ohartuko gara. Hala ere eta gure aburuz, hau ez da nahikoa eta azalera hori ahal den neurririk handieneraino zabaldu beharko litzateke.
Komunitate autonomoko egoera
Nafarroako egoera utzirik, abia gaitezen Komunitate Autonomoaren babes-egoera zein den ikustera. Luze aztertu gabe hiru probintzietan tamalgarria denaz ohartuko gara. Arabar, bizkaitar eta gipuzkoarrok gure ingurugiroak duen babes-ezaren aurrean lotsaturik ibili beharko genuke. Legeria estatala ez da aplikatu eta bertako legeriarik ez du Eusko Jaurlaritzak promulgatu. Komunitate Autonomoan, behar bezalako ingurune babesturik ez dagoela esan daiteke. Alde batetik Ehiza-babeslekuak eta Ehiza-debekuguneak daude. Eremu hauetan babes-neurri bakarra ehizarik ez egitea edota baldintza berezipean egin ahal izatea da. Bestetik Eskualde-Parke izeneko batzuk daude. Hauen helbururik nagusiena, gizakia naturarekin harremanetan jartzeko gune bereziak antolatzea da; jendeak aisialdiak igarotzeko tokiak mugatzea alegia.
Komunitate Autonomoan, Nafarroan hartutako bidetik jo nahi izan zen garai batean eta asmo horrekin LOTU (Lurraldearen Antolakuntza eta Urbanismo-Legea) izeneko bat diseinatu zuten Ingurugiro-Sailodetzan. Lege-proposamen hau Lege-Biltzarrera bidalia izan zen bertan eztabaidatua izan zedin, baina 1987.eko martxoan koalizio-gobernu berria osatu zenean Lege-Bitzarretik kendua izan zen. Asmo, gure ustez txalogarri, hori ahuntzaren gaurerdiko eztularen modukoa izan da.
Komunitate Autonomoko ingurugiroa ez dago babesturik. Are gehiago esango genuke: erabateko babes-falta dagoela eta laster baino azkarrago babes-neurririk hartzen ez bada, gure oinordekoek natura-ondare degradatua jasoko dute.
Ondorio moduan
Dudarik gabe ingurune naturalek beren berezko egoeran iraun dezaten babes-neurriak hartu beharko dira eta lurralde zabalak neurri batean edo bestean babestutzat deklaratu behar dira. Hala ere bide honetan egindako esfortzu guztiak hutsalak gerta daitezke, baldin eta bestalako neurri laguntzaileak hartzen ez badira. Gizartea naturarekiko maitasunean eta begirunean heztea da garrantzitsuena. Alferrikako lana da lurralde zabalak babestea, horien esanahi, funtzio eta betebeharrez gizartea kontzientziatzen ez bada. Jai genuke zona babestuak zarraztakeria eta hondamendiaren itsasoan irla birjinen modukoak izango balira. Ingurune babestuak naturarekiko begirunearen irudi dira, baina begirunea ez litzateke hauetara bakarrik mugatu beharko. Zertarako balio izango luke esaterako, babestutako ibai-zati batean urak igarabak bizitzeko bezain garbiak izatea, baldin eta zona horretatik at ibaiak biziari eusterik izango ez balu?
Euskal gizartea tamalez eta zorigaiztoz ez dago naturaren maitasunean hezia eta penagarria izanik ere horrela dela onartu behar dugu. Astakeria galantak egiten dira gure herrian eta erantzukizuna guztiona da. Zati handi batean guk aukeratutako agintariena da, neurri egokirik hartzen ez dutelako alde batetik eta borondante handirik agertzen ez dutelako bestetik. Baina beste zati batean gurea ere bada, gure ekintzek hori frogatzen dutelako. Zenbat dira adibidez, beren buruak naturzaletzat eduki eta mendira joaten direnean: hondakinak bertan uzten dituztenak?
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia