NASAren WIRE teleskopio berria matxuraturik
1999/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
NASAren azken misio espaziala bertan behera gelditu zen Martxoaren hasieran, 79 milioi dolarreko WIRE teleskopioa matxuratu eta kontrolik gabe gelditu zelako. Eremu Zabaleko Infragorrizko Esploratzailea (Wide Field Infrared Explorer) espazioan biraka dabil orain, eta bere eginkizuna, izar eta galaxia urrunen sorrera ikertzea, ezin izango du bete konpondu gabe.
NASAko kontrolatzaileek esan zutenez, teleskopioaren matxura estaldura azkarregi irekitzeagatik sortu zuen. Eguzkiaren erradiazioak teleskopioa gehiegi berotu zuen eta hozte-sistemaren hidrogenozko bloke bat irakitan jarri zen bost egun orbitan egin ondoren. Ondorioz hidrogenoak ihez egin zuen. Gasa kanporatzeak untzia biraka jarri zuen eta horrela ezin du bere eginbeharra bete, ezin baita bere teleskopioa aztertu nahi diren espazioko puntuetara bideratu.
Teleskopio espazial honek tenperatura oso baxuetan mantentzea eskatzen du (- 256 ºC), untziak berak sortutako beroak espaziotik jasotako infragorrizko seinaleak kaltetu ez ditzan. Jadanik hidrogeno guztia galdu egin da, eta beraz hozte-sistemak ez du funtzionatzen. 255 kg-ko pisua duen teleskopioa geldiaraztea lortu duten arren, misioa bertan behera gelditu dela jakinarazi du NASA agentziak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia