}

NASAren Mars Odyssey Martera bidean izango da bihar

2001/04/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

NASA, bihar apirilak 7, Mars Odyssey zunda bidaltzeko azken prestaketak egiten ari da. Okerrik ez bada, Delta 7925 koheteari esker, zunda Marterantz bidaliko dute 15:02an eta, beharrezkoa izanez gero, beste aukera bat izango dute ordu-erdi geroago. Jaurtiketa egun bat atzeratzen bada, 14:29an eta 15:29an bidaliko da.

Mars Odyssey zundak "2001: Odisea espazioan" zientzia-fikziozko filmaren omenez du izen hori eta 200 egun beharko ditu Martera iristeko. Urriaren 24an espazio-ontziak bere motorrak piztuko ditu Marteren orbitan harrapatua izateko eta planetaren inguruan orbita eliptiko bat osatzeko hasieran 17 ordu oro eta gero 11 oro.

Urte martetar bat (Lurreko 29 hilabete inguru) igaroko du Mars Odyssey-k Marteko orbitan datuak biltzen eta NASAk oraingoan aurreikusitakoa betetzea espero du. Izan ere, 1999an planeta aztertzeko bidali ziren bi tresnak, Mars Climate Orbiter eta Mars Polar Lander , huts egin zuten. Lehenengoa ingeniarien errore matematikoengatik atera zen gaizki; nonbait ingeniari talde batek unitate britainiarrak erabili zituen eta beste taldeak, aldiz, sistema metrikoa erabili zuen. NASAren ustez, espazio-ontziko zatiak oraindik Marte orbitatzen ari dira eta planetaren azalera erori edo erortzean erre egin daitezke. Mars Polar Lander-ek azalaren aurka jo zuen, motor bat garaia baino lehen itxi zelako.

Marten egin diren proba gehienak gaizki atera dira. Lehenengo saiakera sobietarrek egin zuten 1960an. NASAk zorte hobea izan badu ere, egindako saiakeren % 60an besterik ez du arrakasta lortu. Hala ere, NASA izan zen Marten lehenengo saiakera arrakastatsua lortu zuena, Mariner 4 -ari esker 1964an.

Oraingoan, Mars Odyssey -k, datu geologiko eta atmosferikoak biltzeko, hiru neurketa-tresna konplexu daramatza. Gamma uhinen espektrometroak hidrogeno-kantitatea jasoko du eta uraren arrastoa eman dezake. Bestalde, planetako mineralak aztertzeko, bero-erradiazioa antzemango duen irudi-sistema bat erabiliko du. Azkenik, erradiazio-neurgailu batek Martera bidal litezkeen astronautentzako erradiazio-arriskuaren berri emango du.

Tresna horiek bildutako informazioarekin, Marteren azalera datorren hamarkadan bidali nahi den lehenengo ontziarentzat pausaleku egokiena aukeratu ahal izatea espero du NASAk. Bide batez, ea argitzen duen Marten antzemandako "ubideak" urak edo karbono dioxidoak sortutakoak diren, azken egunetan eztabaida piztu baita horren inguruan. Eta noski, betiko galdera: biziaren arrastorik somatuko al du?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia