}

NASA bere uretan itoko al da!

2001/07/13 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Behin eta berriz, uraren inguruko albisteez hornitzen dira egunkariek astronomiari esleitutako orrialdeak. Artikulu horietan, astronomoak basamortuan egarriz itotzeko zorian daudenaren itxura ematen da. Eta zergatik? Ura biziaren oinarria delako, besterik gabe. Baina hori guztia sentsazionalismoz jantzitako publizitatea da. Espekulazio-kutsu handia dagoenez, hainbat puntu argitu behar direla uste dut.

Ikuspuntu zientifikotik, gogoratu behar da urak berak bakarrik ez duela bizia sortzen. Bestalde, ni jaio nintzen hilabetean detektatu zen lehen aldiz ura espazioan, duela hogeita hamar urte baino gehiago. Gainera, biziak ura likido-egoeran behar du, eta bai orduan eta bai orain detektatutakoa lurrun-egoeran dago, bizia sortzeko balio ez duen egoera, alegia.

Horrez gain, beste molekula asko, eta konplexuak gainera, dira beharrezkoak izaki bizidunak sortzeko. Lurrean dugun bizi-motak, behintzat, milioika osagai eta oso baldintza zehatzak eskatzen ditu. Besteak beste, aminoazidoak behar dira. Horiek ere detektatu dira espazioan eta, hala eta guztiz ere, ez da nahikoa. Espazioan bizia dagoela baieztatzeko nahitaezkoa da organismoak aurkitzea, eta ez osagai-pare soil bat (oinarrizko molekulak badira ere).

Ikuspuntu sozialetik, NASAri oso era kritikoan begiratu behar zaiola uste dut. Duela bi urte, Marten bi zunda galdu zituen eta, horrekin batera, estatubatuarren diru publiko asko. Ikerketa espaziala izateko merkea izan bazen ere, izugarrizko dirutza zen. Izan ere, aurtengo Aventis saria (zientziaren dibulgazio-sari garrantzitsuena) irabazi duen liburuan adierazten denez, Estatu Batuetako gobernuak ozeanoaren ikerketari esleitzen diona baino diru gehiago galdu zuen bi misio horietan.

Beraz, NASA iritzi publikoa zaindu beharrean dago; horregatik, uraz hitz egiten dutenean, bizi estralurtarra aipatzen dute. Horrek ederki saltzen du! Baina nahikoa da. Espazioan organismorik aurkitzen badute, ni neu asko poztuko naiz. Bitartean, ez diezagutela ziria sar prentsaren bitartez.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia