}

Narratzaileak

2012/11/15 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

"Sexu-ohiturak. Zati hori kendu egingo dugu eta kopia batzuk inprimatuko ditugu guretzat soilik. Zenbat nahiko genituzke?", idatzi zion Natural History Museumeko zoologiako arduradunak hegaztien arduradunari. (...) The sexual habits of the Adélie penguin zen izenburua, Adélie pinguinoen sexu-ohiturak. George Murray Levick-ek idatzitako Natural History of the Adélie penguin liburuaren zati bat zen jatorrian. Baina liburua zati hura gabe argitaratu zuten 1915ean; Levickek han kontatzen zuena gordinegia zen argitaratzeko.

Horrela hasten da azkeneko Elhuyar aldizkarian argitaratutako istorioa, “George Murray Levicken pinguino perbertitu eta krudelak”. Scottek 1910ean Hego Polora egindako bidaia ospetsuaren kideetako bat izan zen Levick; itsas armadako zirujaua zen, eta, besteak beste, inguruaren esplorazio zientifikoan aritu zen. Erabat asaldatu zuten Adélie pinguinoen koloniak aztertzen ari zela behatutako zenbait portaerak, haiei buruz idatzi zuen liburutik kentzeko bezainbat. Areago, “krimen” krudelenei eta sexu-portaera perbertsoenei buruzko oharrak alfabeto grekoz jaso zituen bere koadernoan, edonork irakurtzea saihesteko.

Perbertsio haien artean zeuden nekrofilia, masturbazioa, ekintza homosexualak, talde-bortxaketak eta erailketak. Hooliganak ziren krimen okerrenen egileak. Hala izendatu zituen Levickek bikoterik gabe gelditzen ziren arrak, eta lazturaz idatzi zuen haietaz, hauxe, adibidez: "Behin amarekin habian zeuden bi txitetako bat pixka bat urrundu zen, eta bat-batean hooligan batek harrapatu eta bere amaren begien aurrean bortxatu zuen. Amak, hura gertatzen zen bitartean, habian jarraitu zuen beste txitarekin; eta erasotako txitak ihes egitea lortu eta amarengana bueltatu zenean, hark ez zuen ezer jakin nahi izan kumearekin; mokoka egiten zion habiara bueltatzen saiatzen zen bakoitzean. Etsita, beste gurasoren batek adoptatzen ote zuen probatu zuen, baina ez zuen inork horrelakorik egin, eta, hainbeste mokokada jaso zituen, ezen azkenerako hil egin behar izan bainuen, oinazetik libratzeko".

1915ean zentsuratutako pasarteek aurten ikusi dute argia. Londresko Natural History Museumeko artxiboan egon dira gordeta ia ehun urtez, kontserbatzaile batek aurkitu, eta argitaratzea erabaki duten arte. Polar Record aldizkarian argitaratu dituzte, pinguinoetan aditu diren bi ikertzailek egindako interpretazioarekin batera, esaterako, hildako pinguinoek kopulatzeko prest dagoen emearen postura bera izaten dutela, ez direla nekrofiloak.

Duela egun batzuk istorioaren berri zabaldu nuenean, beste albiste honen berria bidali zidaten twitter bidez: “Gay Penguins Become Dads!The Good Men proiektuaren webguneko ohar bat zen, eta Toronto Star egunkarian argitaratutako “World first as gay King penguins become fathers” albisteari aipamena egiten zion. Albisteak kontatzen zuen nola Danimarkako zoo batean, bi arrek osatutako pinguino enperadore bikote batek baztertutako arrautza bat txitatu duen eta nola guraso bihurtu diren. Bi guneetan nabarmena zen albisteari eskainitako babesa.

“XXI. mendeko maskulinotasuna izan daitekeenaz begirada bat jasotzen duen proiektu gisa aurkezten du bere burua The Good Men delakoak. Ezin hobeki lotzen da deskribapena pinguinoei buruzko anekdota eta istorio hauen denen laburpenarekin. Alegia, ehun urteko aldearekin eta ikuspegi oso desberdinekin, pinguinoak baino, batez ere batez ere, narratzaileak islatzen gaituela.

Berrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia