Napalm, abereen erreketa garbia
2001/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Erresuma Batuko abeltegietan behien entzefalopatia espongiformea gaixotasunaren ondorioz milaka abere hil dira. Oro har, sortutako hondakin-kantitate handi horiek zelaietan egindako suetan erretzen dira. Sua pizteko erregaia behar da eta gehienetan egurra erabiltzen da. Estatu Batuetako hainbat tokitatik proposamen berri bat dator, napalm konposatu kimikoa erabiltzea, alegia.
Napalm osagai polimeriko baten eta petrolioaren nahastea da. Osagai polimerikoa poliestirenoz eta itsasgarri batez eginda dago. Napalmek errekuntzarako propietate ezin hobeak ditu, egurra erabiliz hiru egunetan erreko litzatekeena ordubetean erreko lukeelako. Gainera, Renoko Unibertsitateko Ron Anderson nekazaritzan adituaren ustez, oso irtenbide merkea da. Abere baten hondakinak egurra erabiliz erretzeak 1.400 libera esterlinako kostua du eta napalma erabiliz, aldiz, libera pare bat besterik ez.
Substantzia hori arriskutsua dela esan ohi da, baina gaur egun oso modu kontrolatuan erabil daiteke. Gainera, ez da lurrunkorra eta, beraz, ez du ke handirik sortzen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia