}

Nanopartikulak liburu zaharrak kontserbatzeko

2002/10/22 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Florentziako Unibertsitateko zientzialari-talde batek liburu zaharrak kontserbatzeko metodo berri bat asmatu du. Papera kaltzio hidroxidozko nanopartikulez zipriztintzea proposatu dute konposatu azidoak neutralizatzeko.

Liburu zaharrak kontserbatzerako orduan arazo nagusia konposatu azidoak dira.Papera egiterako garaian azidoak erabiltzea ezinbestekoa da, baina, denbora aurrera joan ahala, paperaren zelulosazko zuntzak jan egiten dituzte azido horiek eta orriak horitu eta ahuldu egiten dira.

Liburuak kontserbatu nahi badira, derrigorrezkoa da paperaren azidotasun-maila baxu mantentzea. Gaur egun magnesio oxido hautsak erabiltzen dira: molekulak zuntzetara atxikitzen dira eta, urarekin erreakzionatuz, azidoak neutralizatzen dituen alkalia sortzen da.

Zientzialari italiarrek garatu duten metodo berria askoz ere garbiagoa da eta ez da urik behar. Kaltzio hidroxidozko nanopartikulak erabiltzen dira (2·10 -4 milimetroko diametrodunak). Propanol alkoholarekin nahastu eta papera zipriztintzen da nahastearekin. Alkohola lurrundu egiten da eta kaltzioa zuntzen artean kokatzen da. Apurka-apurka, airean dagoen karbono dioxidoarekin erreakzionatzen joango da. Erreakzioaren ondorioz, kaltzio karbonatoa sortzen da; paperaren azidotasuna neutralizatuko duen konposatua.

Erreakzioa poliki gertatzen denez, kontserbatzeko metodo iraunkorra dela esan dute adituek, eta, gainera, alkohola lurrundu egiten denez, ez du inolako eraginik inprimatutako testu edo irudietan. Are gehiago, zientzialarien esanean, nahastearekin papera igurtzi daiteke edo papera bera alkoholean sartu.

Jadanik egin dira hainbat saiakuntza nahastearekin, eta paper-lagin guztietan azidoak neutralizatzea lortu da, inolako erreakzio negatiborik sortu gabe.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia