Nanohodiz osatutako material benetan gogorra
2002/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
AEBetako Oklahoma Estatu Unibertsitatean nanohodiak polimerozko matrizeetan txertatzeko modua aurkitu dute. 1991n karbonozko nanohodiak egitea lortu zenean, karbono-zuntzen tokia hartuko zutela espero zen, haiek baino askoz ere gogorragoak eta sendoagoak baitira. Baina nanohodiak, polimeroekin nahastean, pilatu egiten ziren, eta materiala ezin zen erabili.

Orain, molekula bakarreko nanohodien geruzak bata bestearen gainean jarritako geruza polimerikoekin tartekatu dituzte. Horretarako, txandaka, nanohodiak sakabanatuta dituen uretan eta polimeroen disoluzio batean sartu dute materiala; hartara, nanohodien edo polimeroen geruzak itsasten dira azalean. Materiala are gogorragoa bihurtzeko, geruza bakoitza gehitzean, talde kimikoak itsatsi dizkiete nanohodiei.
Azkenean, materialaren erdia nanohodiz osatuta dago. Eta karbono-zuntza bezain arina, baina hura baino sei aldiz sendoagoa da, eta ingeniaritzan erabiltzen diren material zeramiko gogorrak bezain erresistentea.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia