
Eta hala da. Izatez, itsasontzia bera eta tripulazioa ere militarrak dira, baina zientziari eskainitakoa da, eta hori du helburu nagusia. Parte handi bat laborategiak dira: neurketarako instrumentuak dituzte, eta bereziki neurketa ozeanografikoetarako aparatuak ere bai.
Pasatu den urtea, 2007-2008 urtea, laugarren nazioarteko urte polarra izan zen, eta, horren barruan, proiektu asko sortu ziren poloetako ikerkuntzari buruz. Atos proiektuak filosofia horri jarraitzen dio. Gure kasuan, klima-aldaketari buruzko informazioa bilatzen dugu, aldaketa horri aurre egiteko. Hortaz, helburua hori da: poloetan klima-aldaketa zertan den aztertzea.

Logistika-kontua da gehien bat, eta itsasontziaren beraren egutegia. Izatez, oraingo kanpaina hau, Antartikokoa, pasatu den urtean egitekoa zen, nazioarteko urte polarraren barruan, baina logistika-arazoak zirela eta aurten egingo dugu. Bi kasuetan, proiektua berdina eta helburuak ere berdinak dira.
Guk Islandian hartu genuen ontzia, Reikjaviken. Gure ibilbidea egin eta Svalbardetan utzi gintuen. Itsasoan hogeita hamar egun bakarrik egon ginen--Antartidan berrogeita bi egun egongo gara--; laburxeagoa izan zen, baina intentsitate handikoa.
Normalean, eguna estazio batekin hasten genuen, hau da, itsasontzia puntu jakin batean geratzen zen. Aparatuak atera, eta laginak eta neurriak hartzen hasten ginen: arrantzak egin, plankton-laginak hartu (fitoplanktona, zooplanktona...), eta ur-laginak ere hartzen genituen analisiak egiteko (kutsatzaile inorganikoena eta organikoena, produktibitate primarioarena... denetarik apur bat). Izan ere, diziplina askoko taldea izaten da: biologoak, kimikariak, fisikariak... Eta bakoitzak bere arloa aztertzen du. Polita izaten da, elkarrekin egiten dugulako lan, eta ideia politak ateratzen dira.

Gero, gure kasuan, dena ondo bildu behar da, Bartzelonara eramateko. Izan ere, poluitzaile organiko iraunkorrak analizatzen ditugu guk, POP izenekoak. Oso kondizio garbiak behar dituzte, eta oso prozesu luzeak, analizatu eta informazioa ateratzeko. Beraz, itsasontzian laginak oso ondo bildu behar ditugu, bidean ez kontaminatzeko. Bildutakoan, Bartzelonara bidaltzen ditugu, eta, hala, Bartzelonara itzulitakoan, hilabetetarako lana daukagu lagin horiek prozesatzen.
Bai, degradazio-esperimentuak eta beste batzuk han bertan egiten ditugu, eta beste talde batzuekiko kolaborazioan ere egiten da lan. Baina, egia esan, gure helburu nagusia laginak jaso eta ondo biltzea da.
Bai, paisaia zoragarria da. Besteak beste, fokak eta baleak ikusi genituen, eta baita hartz zuri bat ere!

Bai, bioakumulatzeko joera duten poluitzaile asko izaten dituzte hartz zuriek. Eta ez hartzek bakarrik, baita inuitek ere. Inuit haurrek organo batzuetan disfuntzioak izan dituzte, eta, antza denez, amei esan diete bularrik ez emateko haurrei, amak metatutako poluitzaileak esnearen bidez kanporatzen direlako.
Eta ez bakarrik motorren konbustioak sortutako poluitzaileek, baita pestizidek ere, eta egunero erabiltzen ditugun hainbat gaitan dauden poluitzaileek. Poluitzaile horiek airera pasatzen dira; asko iraunkorrak dira, eta, airearekin batera, poloetaraino heltzen dira. Haietako tenperatura- eta presio-kondizioak direla eta, poluitzaile horiek metatu egiten dira: uretara pasatu, eta izotzean metatzen dira.
Horregatik, guk lagin-mota asko hartu behar ditugu: ur-laginak, aire-laginak, planktona eta izotza. Eta, laginak analizatuta, datuak esku artean ditugunean, poluitzaile iraunkorrek nola jokatzen duten aztertzen saiatzen gara. Konposatu organiko iraunkorren atzetik ibiltzen gara. Hiru ezaugarri bereizgarri dituzte: toxikoak dira animalientzat, bioakumulatu egiten dira, eta iraunkorrak dira distantzia handietan bidaiatzeko.

Bai, bai, beirazkoa da. Baina dagoeneko esperientzia handia daukagu, eta dena ondo lotuta jartzen dugu, gauza bakoitza bere lekuan, ezer hondatu ez dadin. Dena dela, Artikoan giro barea izan genuen.
Nire kasuan, bosgarren kanpaina dut itsasoan. Aurretik, Mediterraneoan eta Atlantikoan ere izan naiz, eta horietan eguraldi txarra tokatu izan zaigu. Halakoetan, lan egiteari uztea izaten da onena.

Rementeria Argote, Nagore
Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian erredaktore lanak egiteaz gain, irratian ere aritu izan da: aurkezle gisa egin zituen hainbat urte Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrillean Guillermo Roarekin batera. Gaur egun Teknopolis telebista-saioko erredaktorea da, ETBrentzat Elhuyar Fundazioak ekoizten duen saioan.