}

Muturreko kosmetika

2005/07/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Agerikoa da: itxura ederra izatearren, min handia pairatzeko prest daude gizon-emakume batzuk. Begira, bestela, gorputza tatuatuta eta iltzez eta uztaiez beteta duten horiei, edo kirurgia estetikoa egiten dutenei. Ebakuntza-gelara joan nahi ez dutenentzat, berriz, tratamendu eraginkorrak sortu ditu kosmetikak. Hori bai, kontuan izan behar da batzuetan edertasuna etaarriskua eskutik emanda doazela. Alegia, tratamenduok Nivea krema baino zertxobait gogorragoak direla.
Zimurrak ez dira adinaren adierazle soilak, adierazkortasuna ere indartzen dute.

Kosmetikak eskaintzen dituen aukeren artean, boladan daude emaitza ikusgarriak agintzen dituzten tratamendu eraginkorrak, eta, horietatik, botoxa da izarretako bat.

Botoxa berez toxina bat da, toxina botulinikoa, hain zuzen, eta Clostridium botulinum izeneko bakterio batek ekoizten du. Bakterio hori lurrean, uretan eta lohian egoten da, eta, batzuetan, janari-kontserbetara irits daiteke. Ondo egindako kontserbetan ez dago arriskurik, baina, akatsen bat egon bada, litekeena da bakterioa egotea. Gero, oxigeno-gabeziak lagunduta, toxina ekoizten du, eta ezagutzen den toxina indartsuenetakoa da: gramo baten milioirena edo gutxiago nahikoa da pertsona bat hiltzeko.

Zorionez, hamar minutuz 80 ºC-an edukita, toxina indargabetu egiten da. Arrisku handiena berotzen ez diren kontserbetan dago, adibidez, izokin ketuan. Intoxikazioaren sintomak benetan larriak izaten dira. Ahoa lehortzen da, eta goragalea eta zorabioa sentitzen dira. Horretaz gain, giharrak paralizatu egiten dira, eta, dosiaren arabera, horrek heriotzara eraman dezake, paralisiak arnas hartzea galarazten baitu.

Hain juxtu, giharrak paralizatzeko gaitasun horregatik erabiltzen da toxina botulinikoa kosmetikan. Dena dela, tratamendu kosmetikoetan baino lehen medikuntzan erabili izan da. Izan ere, egokia da giharren hiperaktibitatea duten hainbat gaixotasun tratatzeko. Lehen aplikazioa estrabismoarekin egin zen, 1977an. Estrabismoa begi-globoa mugitzen duten giharren hiperaktibitateagatik gertatzen da, eta, horren ondorioz, begiak ezin du zuzen begiratu. Tortikolisa, aurpegiko espasmoak, eta izerdi edo listu gehiegi sortzea ere asko hobetzen dira toxina botulinikoa erabilita.

Medikuntzatik kosmetikara

Botoxaren lehen aplikazioa estrabismoa tratatzeko izan zen.

Azkenaldian, ordea, medikuntzatik kosmetikara salto egin du tratamenduak, eta orain zimurrak desagerrarazteko erabiltzen da. Toxina injekzio bidez sartzen da zimurrak ezabatu nahi diren tokian; kopeta, bekokia, aho-ingurua eta lepoa edo paparra dira toki ohikoenak. Ez dago ospitalera joan beharrik, ezta anestesia jarri beharrik ere, eta berehala nabarmentzen da eragina. Bigarren eta laugarren egunen artean, zimurrak desagertu egiten dira; bekainak igotzen edota bekoki iluna jartzen saiatu arren, azala leun-leun agertzen da.

Tratamendua, baina, ez da behin betikoa. Sei hilabete igarotzerako, paralisia desagertu egiten da, eta zimurrak berriro azaltzen dira. Beraz, ezin da denboraren joana gelditu, ageriko eraginak aldi baterako apaltzea besterik ez du lortzen botoxak. Horregatik, tratamendua berriz egin behar da aldiro-aldiro. Hala ere, saioen artean gutxienez urte-erdi bateko tartea utzi behar da, bestela toxinaren aurkako antigorputzak sortzeko arriskua baitago, eta orduan botoxak ez luke inolako eraginik izango.

Espainian iaz baimendu zuten A motako toxina botulinikoa erabiltzea tratamendu estetikoetan. Toxina Vistabel izenarekin merkaturatu da, eta baimendutako zentroetan bakarrik jar daiteke. Ez da merkea, saio bakoitzak 300-1.200 euro balio baitu; hala eta guztiz ere, gero eta jende gehiagok jartzen du injekzioa.

Batzuek botoxari egozten diote aktore batzuen adierazkortasun-eza.

Gaur egun 70 herrialdetan erabiltzen da, eta AEBetan eta Britainia Handian oso zabalduta dago. Han Espainian baino lehenago hasi ziren, eta dagoeneko 500.000 pertsonak baino gehiagok hartu du botoxa. Esperientzia, beraz, badago, baina horrek ez du esan nahi ez duela inolako albo-ondoriorik. Aurpegiaren itxura aldatzea eta bi aldeak desberdin geratzea edo adierazkortasuna galtzea dira albo-ondorio arinenak. Hain zuzen ere, batzuek botoxari egozten diote hainbat aktoreren adierazkortasunik ezaren errua.

Alabaina, okerragoa ere izan daiteke. Adibidez, gerta daiteke behin eta berriro hartzeagatik giharrak ahultzea eta mehetzea, eta bekainak erorita gelditzea. Beste arrisku bat injekzioaren eragina neurriz kanpokoa denean gertatzen da; ez da ohikoa, baina, gertatuz gero, irensteko, hitz egiteko eta begiak ixteko ezintasuna azaltzen dira, baita buruko mina ere. Bestalde, tratamendua nahiko berria denez, ezin da jakin epe luzera zer eragin izango duen behin eta berriro hartzeak.

Larruazal leun-leuna

Zimurrak ezabatzeaz gain, larruazalari gazte-itxura eman nahi diotenentzat, kosmetikak beste tratamendu batzuk eskaintzen ditu. Adibidez, badaude larruazalaren gaineko geruza `garbitzen´ duten hainbat produktu kimiko. Horiek larruazala berdintzen dute eta itxura hobea ematen diote. Orban ilunak desagerrarazten dituzte, eta baita azaleko zimurrak ere. Nolanahi ere, eragina produktuaren araberakoa da.

Larruazala leuntzeko produktu batzuek sakonean eragiten dute.

Produktu leunenek fruten azidoak, azido glikolikoa edo azido alfa-hidroxidoa dute, eta gogorrenek, berriz, fenola. Aurrenekoek azalean egiten dute lan, eta zimur txikiak eta orbanak kentzeko gai dira. Fenolean oinarritutakoak sakonago iristen dira, eta larruazala zuritzeko ere erabiltzen dira. Baina gerta daiteke gero Eguzkitik babestu behar izatea betiko, bestela larruazalean kalte handiak sortzeko arriskua baitago.

Normalean, tratamendu horiek nahiko mingarriak izaten dira, eta litekeena da mina kentzeko botikak hartu behar izatea. Larruazalean berotasuna eta narritadura sentitzen dira, eta, tratamendu gogorrenetan, aurpegia bendaz estali behar izaten da hainbat egunez.

Azidoen ordez, metodo fisikoak ere erabil daitezke larruazala berritzeko. Horri mikrodermoabrasioa deitzen zaio, eta joan den urtean milioi bat estatubatuarrek egin zuten. Spray batez aluminio oxidozko, diamantezko edo gatz-kristalezko mikropartikulak ematen dira larruazalean, eta, ondoren, mikropartikulak zein hildako larruazala garbitzen dira.

Emaitza aurreko produktuen bitartez lortzen denaren antzekoa da. Albo-ondorioak, aldiz, ez dira hain larriak, azal-azaleko geruza bakarrik kentzen baita. Hala ere, gorritasuna, narritadura, Eguzkiarekiko sentikortasuna eta berotasuna azal daitezke.

Argiaren indarra

Gero eta gizon gehiagok egiten dituzte kosmetika-tratamenduak.

Larruazaletik zimurrak eta orbanak ez ezik tatuajeak ere desagerrarazi nahi direnean, laser bidezko tratamenduak gomendatzen ditu kosmetikak. Laserra kolore bakarreko argia da, uhin-luzera bakarrekoa, alegia. Kosmetikan, larruazalaren gaineko geruzak suntsitzeko erabiltzen da argi horren energia. Eragina larruazala berritzeko erabiltzen diren produktuen parekoa da, baina zehatzagoa da. Hori bai, gaizki erabiliz gero, larruazalaren kolorea aldatzeko eta orbanak sortzeko arriskua dago.

Laserra larruazala bera hobetzeko ere erabil daiteke. Tratamendu batzuetan sakonago sarrarazten da laserra, beheko geruzetako kolagenoaren ekoizpena sustatzeko asmoz. Horrek larruazala tenkatzen du; ondorioz, zimur txikiak desagertu egiten dira eta azalaren tonua hobetu egiten da. Teknika horrek jarraitzaile ugari ditu eta ia ez du albo-ondoriorik.

Argi dago, beraz, kosmetikak aukeran dituela tratamenduak, eta etengabe sortzen dituela berriak. Asko nahiko gogorrak dira, eta batzuetan ez dago oso garbi kirurgia plastikoaren eta kosmetikaren arteko muga. Hala ere, gero eta arrakasta handiagoa dute horrelako tratamenduek; hortaz, badirudi jendea ez dela beldurtzen arriskua eta edertasuna elkarrekin ikustean.

Nola eragiten du toxina botulinikoak?

Giharren mugimendua agintzen duten nerbioetan eragiten du toxina botulinikoak. Hain zuzen ere, garunetik giharrera nerbioen bidez eramaten dira aginduak, eta nerbioak neurotransmisoreen bitartez komunikatzen dira. Giharrak uzkurtzeko, esaterako, azetilkolina neurotransmisorea askatzen du nerbio periferikoak. Toxina botulinikoak azetilkolina askatzea galarazten du; ondorioz, giharra paralizatu egiten da aldi baterako.


Tea eta pasten ordez, botoxa eta xanpaina

Botox-jaiak modan daude.

Hainbat tokitan botox-jaiak egiten dira. Jai horietan, jendeak botoxa injektatzen du xanpaina edan bitartean. Ohitura zabaltzen ari dela ikusita, AEBetako dermatologoek ohar bat kaleratu dute. Haien ustez, alkohola eta botoxa nahastea oso arriskutsua izan daiteke, eta albo-ondorio latzak ekar ditzake. Ez omen da ahaztu behar botoxa toxina bat dela, eta intoxikazioak heriotza eragin dezakeela, bularreko giharren paralisiak arnasa hartzea galarazten duelako.

Alabaina, botoxa merkaturatzen eta horrekin lan egiten dutenen iritziz, arriskua ez da hainbesterainokoa, inondik inora. Izan ere, toxina moldatuta dago kosmetikan erabiltzeko. Hartara, intoxikazio larriak gertatzea saihesten dute. Beraz, nahiz eta inoiz ez den egokia tratamendu bat eta alkohola nahastea, ez dago intoxikazio hilgarria gertatzeko arriskurik.



Betegarri injekzioak

Kolagenoa, silikona zein gantza erabiltzen dira betegarri gisa.

Tratamendu asko daude zimurrak ezabatzeko. Kosmetikako tratamenduak, ordea, ez dira horretara mugatzen, eta ezpainak loditzeko, zauriek edo gaixotasunek utzitako zulotxoak berdintzeko, masail-alboko hezurra nabarmentzeko eta bestelako itxura-aldaketak lortzeko, betegarriak erabiltzen dira. Injekzio bidez jartzen dira, eta kolagenoz, silikonaz edo gantzez egiten dira.

Kolagenoa zelulak elkartzen eta ehunei eusten laguntzen duen animalia-ehuna da. Kosmetikan erabiltzen dena txerrien edo behien ehun konjuntiboz egiten da, eta nabarmendu nahi den tokian injektatzen da. Batez ere ezpainak loditzeko erabiltzen da. Eraginak hilabete gutxi batzuetatik urte eta erdira bitartean irauten du. Izan ere, gorputzak metabolizatu egiten du. Horregatik, kolageno gehiago sartu behar da tarteka-tarteka.

Albo-ondorioak gehienbat alergien erruz izaten dira. Gutxi gorabehera, populazioaren % 3k dio alergia kolagenoari. Arazoak saihesteko, kolagenoa sartu aurretik alergia-proba egitea komeni da. Bestela, hazkura, mina, berotasuna eta narritadura azaltzen dira, eta kasu larrienetan baita shocka eta arnasteko zailtasuna ere.

Kolagenoaren ordez, silikona erabil daiteke, baina beste albo-ondorio batzuk sor ditzake, hala nola, azala ubeltzea eta silikona tokiz mugitzea..

Gantzak, berriz, ez du alergiarik sortzen, pazientearena berarena erabiltzen baita. Zimur sakonak betetzeko eta ezpainak loditzeko erabiltzen da. Besteen aldean, zaila da emateko eta denbora gehiago irauten du saioak.


Deia-ren D2 atalean argitaratua.