}

Mutazioen onura

2001/11/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Afrikako mendebaldean hamar pertsonatik batek malariatik babesten dituen mutazioa duela ikusi dute Erromako Unibertsitateko ikertzaileek. Malaria eragiten duen patogenoak giza hemoglobina txikitzerik ez izatea ekarriko du mutazioak.

Malaria Plasmodium falciparum patogenoak eragiten duen gaixotasuna da. Patogeno horrek eritrozitoak infektatzen ditu –hemoglobinaren bidez odolean oxigenoa garraiatzeaz arduratzen diren zelulak-.

Eritrozitoen barruan dagoen bitartean, horko hemoglobinaren % 80 degradatzen du parasitoak, eta, horren ondorioz, pertsonak malaria gaixotasuna garatzen du. Pasmodium -ak plasmesina deritzen entzimak erabiltzen ditu hemoglobina degradatzeko. Hori dela eta, azken urteotan, hemoglobina degradatzen duten entzima horien aurkako botikak garatzen aritu dira.

Baina gizakiak berak degradazio hori saihesteko modua aurkitu du. Afrikako Mossi etniako indibiduoetan ikusi dutenez, hemoglobinaren genean berez gertatutako mutazioak entzimek ezin degradatzea eragiten du. Era horretara, patogenoa izanda ere, indibiduoak ez du gaixotasuna garatuko.

Badago malariaren aurka babesten duen beste mutazio bat ere, baina kasu horretan, hemoglobinaren funtzionamendu okerragatik (mutazioak hemoglobinaren egitura aldatzen du) gizakia anemia gogorrak jota hil ohi da. HbC mutazioak, ordea, anemia arina baino ez du eragiten, eta ez du indibiduoaren osasuna jokoan jartzen.

Afrikan malaria arrunta izateak presio selektibo hutsez mutazioa hedatzea ahalbidetu du. Birusek eta bakterioek maiz erabiltzen dute mutatzeko gaitasun hori txerto eta antibiotikoen eragina saihesteko, baina, antza, giza gorputzak ere bide bera erabil dezake patogenoen eraginaz babesteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia