Itziar Laka Mugarza,

Hizkuntzalaria

Musika eta hizkuntza: Maurice Ravel Delouarten heriotza


Donibane Lohitzuneko badia, 1933. Maurice Ravel Delouart ur azalean etzan da, zabal eginda, zerura begira. Badiako uhin txikiek emeki kulunkatzen dute gizonaren soin meharra. Baina besoek eta hankek ez dituzte emandako aginduak betetzen: gorputza gobernu gabe dabilkio igeri egiten saiatzen denean, plisti-plasta nahasi batean, ezin asmaturik. Itolarrian, guztiz gelditzea erabaki du. Ez da kezkatu, flotatzen duen artean ez da itoko. Igerilari ona da, itsasoan trebatua, zerbait ez dabil ongi. Badiaren erdian zabuka ikusi eta uretatik atera dute gazte batzuek, eskerrak.

Lau urte geroago hilko zen konpositore Ziburutarra, 1937ko abenduaren 28an, hirurogeita bi urte baino ez zituela. Zortzi egun lehenago, abenduaren 20an, burmuineko kirurgia egin zioten. Ondotik, koman sartu eta ez zen gehiago esnatu. Ravel munduko musikagintzaren gailurretan bizi zen buru-nahasmenduaren sintomak erakusten hasi zenean. Nahasmendu horrek bai hitzari eta baita musikari eragin zien, ezkerreko hemisferioan kudeatzen zituelako biak, ziurrenik, musikaria izaki. Izan ere, musikarien buruetan, gainerakoon buruetan ez bezala, musika egiazko hizkuntza da, ezkerreko hemisferioan eta Broca eremua erabilita kudeatzen dena, ez eskuinekoan, musikari ez garenok egin ohi dugun moduan.

Txikitatik osasun txarrekoa, insomnioa eta depresioa ondo ezagutu zituen; izan ere, 1931.ean lehen munduko gerrak eta amaren heriotzak sortu zioten depresio sakona tratatzen egon zen Suitzan. Hurrengo urtean, Parisen, buruan kolpe handia hartu zuen auto istripu batean eta, dirudienez, orduan hasi ziren agertzen sintoma neurologiko larriak, denboran aurrera okerrera egingo zutenak, konpositorea bere buruan guztiz kaiolatu arte.

Zioenez, mintzoa eta musika sor zitzakeen pentsamenduan baina ezin zuen adierazi, ez ahoz, ez idatziz, pentsatzen zuen hori. Badiako pasadizoa gertatu zenerako ezin zituen autografoak sinatu, akats asko egiten zituen idaztean, ezin zuen pianoa jo edo orkestra zuzendu baina, hala ere, azken eguneraino gorde zuen musikaren ezagutza gorena, musikarekiko sentiberatasun finena; bere konposizioei egindako moldaketa txikienak ere nabaritzen omen zituen azkenera arte.

Maurice Ravel Delouart gizon guztiz modernoa izan zen, etorkizunera begirakoa, ezkertiarra, Dandy erradikala, bere garaiko emakume musikarien adiskide ona, ziurrenik homosexuala edo asexuala. Insomnioa zela eta, Parisko gaua ondo ezagutu zuen, kabaretak, jazza, dantza eta musika molde berriak, den-dena entzun dezakegu bere lanetan. Marie Delouart amaren euskarazko hitzak eta kantuak ere hor dabiltza kiribildurik, erritmoetan eta doinuetan, euskaldunoi ezaguna egiten zaigun zerbait, soka-kuartetoetan eta piano kontzertuetan batez ere sotilki ehoa.

Musika eta hizkuntza ekoizteko ezintasun horrek aurrera egin zuen, Ravel guztiz isolatu arte. Helene Jourdan-Morhanger musikari adiskideak etxeko balkoian aurkitu zuen urrunera begira eta, zertan ari zen galdetuta, “zain nago” erantzun omen zion, triste. Handik gutxira hil zen.

Itziar Laka Mugarza,

Hizkuntzalaria

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali