Guillermo Roa Zubia

Kimikako doktorea eta Elhuyar Zientziako erredaktorea

Munstro teknologikoak


Txina oso aurreratuta dago teknologikoki. Ingurumen-teknologian lidergoa dutela erakusten ari dira. Adibidez, energia berriztagarriak ustiatzeko teknologian.

2025eko urrian aurkeztu zituzten tifoietan –hau da, urakan bortitzetan– lan egiteko ahalmena duten lehenengo aerosorgailu eolikoak. Tifoiek suntsitzen ez dituztenak eta, areago, haize bortitz hori aprobetxatu eta energia bihurtzen dutenak. Guangdong probintziaren kostaldean jarri dituzte. Batzuk lehorrean, eta beste asko itsasoan bertan instalatuta. Erraldoiak. 30 pisuko eraikin baten altuera dutela diote. Eta, aldi berean, egitura finak direla. Arinak dirudite, baina sekulako instalazioak dira.

Haien helburua, orduko 200 kilometroko haizeak jasotzea eta energia bihurtzea. Sekulakoa da; munstro teknologikoak.

Horrek guztiak gogoeta bat eskatzen du. Haizearen energia ustiatzeko joera aerosorgailu oso handiak instalatzea da azken urteotan. Eta horixe egin du Txinak, munduko herrialde teknologiko aurreratuenetako batek, tifoiei aurre egiteko gai diren aerosorgailuak sortu. Baina aerosorgailu handiak erabiltzeak ingurumen-arazoak eragiten ditu. Baita haien mantenuak ere. Beraz, galdera da etorkizuneko teknologiak joera honi helduko dion ala ez. Agian, etorkizunean jarraituko dugu instalazio erraldoien beharra izaten haizea modu eraginkor batean ustiatzeko. Baina agian ez.

Teknologiaren historian atzerantz begiratzen badugu, kaltearen aurrean egoera irauli duten teknologiaren adibide asko dago. Ez nahitaez tamaina txikitzearekin lotuta, baina bai pentsaezinak ziren diseinuak erabiltzearekin lotuta. Autoetan zaharrei begiratuz, adibidez, oraingo autoen diseinuek ez dute zerikusirik. Ez dira handiagoak, askoz eraginkorragoak baizik. Edo argiztapenaren munduan. Hamarkada batzuetan erabat irauli da planteamendua. Eta horiek bi adibide besterik ez dira. Gauza bera gertatuko da energia berriztagarriak ustiatzeko teknologiekin? Egunen batean barre egingo al diegu gaur egungo aerosorgailu handiei, haize-energia ustiatzeko estrategiatzat hartu zirelako? Oraingoz erantzunik gabeko galdera da. Eta, zoritxarrez, erantzun bat izateko hamarkadak itxaron beharko ditugu. Gutxienez.

Guillermo Roa Zubia

Kimikako doktorea eta Elhuyar Zientziako erredaktorea

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali