Munduko hegazti guztien zerrenda bateratua argitaratu dute: AviList
2025/08/12 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ornitologia-arloko mundu mailako bost erakunde nagusiak elkartuta, eta zazpi urteko lanaren ondotik, munduko hegaztien lehenengo zerrenda orokor eta bateratuta argitaratu dute, taxonomia, sistematika eta nomenklatura bateratuarekin: AviList. Prozesua gardena eta irekia izan da, eta emaitza sarean jarri dute, denen eskura. Lehen bertsioa 2025eko ekainean argitaratu zuten, eta urtero berritzeko asmoa iragarri dute. Une honetan, 11.131 hegazti espezie biltzen ditu, 2.376 genero, 252 familia eta 46 ordenatan sailkatuta.
Asier Sarasua Aranberri ornitologian adituak bere blogean (Eibartik) adierazi duenez, “albiste handi-handia da”. Izan ere, orain arte hiruzpalau zerrenda zeuden eta nahastea handi samarra zen. Gabai arrearen eta koartzatxo itzainaren adibideak eman ditu. Lehena ez zekiten espezie bakarra ote zen, ala bi edo hiru ziren; eta bigarrena ez zekiten Bubulcus ibis edo Ardea ibis izendatu behar ote zuten.
Albistearen harira, hegazti-espezieen zerrenden historia azaldu du Sarasuak blogean. Haren esanean, 1990. urtearen ondotik, eta, batez ere, XXI. mendearen hasieran, sailkapena fintzeko funtsezko bi aurrerapen gertatu dira: biologia molekularraren eta genetikaren iraultza, batetik, eta bioakustikarena, bestetik.
Bukatzeko, Avilist sortzeko prozesua bera azpimarratu du Sarasuak: elkarlana eta adostasuna bilatzea, irizpide argiak ezarri eta plazaratzea, egindako lana gardentasunez aurkeztea… Horrenbestez, munduko hegaztien euskarazko izenak finkatzeko ere baliagarria izan daitekeela iradoki du.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia