}

Munduko bost krisiri batera aurre egitea ezinbestekoa dela ohartarazi du IPBESek

2025/01/13 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

munduko-bost-krisiri-batera-aurre-egitea-ezinbeste
Arg. IPBES

Munduko krisi nagusiak, bai sozialak, bai ekonomikoak eta bai ingurumenekoak, guztiz lotuta daude, eta elkarri eragiten diote. Hortaz, bakoitzari era isolatuan aurre egiten saiatzea ez da eraginkorra eta kalterako da. Ondorio garbi hori atera dute IPBES Biodibertsitateari eta Ekosistemen Zerbitzuei buruzko Gobernuarteko Plataformak aurkeztu duen azken txostenean.

Lotura konplexu horiei buruz inoiz egin den ebaluazio zientifiko sakonena da; 57 herrialdetako 165 zientzialariren hiru urtetako lanaren emaitza. Biodibertsitatearen, uraren, elikagaien, osasunaren eta klima-aldaketaren arteko loturak aztertu dituzte. 

Txostenak garbi uzten du biodibertsitatea maila eta eskualde guztietan ari dela txikitzen. Etengabeko beherakada hori neurri handi batean giza jardueraren ondorioz ari da gertatzen (klima-aldaketa barne), eta ondorio zuzenak eta kaltegarriak ditu elikagaien segurtasunean eta nutrizioan, uraren kalitatean eta erabilgarritasunean, osasunean eta ongizatean, klima-aldaketarekiko erresilientzian eta naturak pertsonei egiten dizkien gainerako ia ekarpen guztietan. Nabarmendu dutenez, munduko barne produktu gordinaren erdia baino gehiago naturaren mende dago, neurritik handi batean. 

Gainera, egiaztatu dute erronka horiei aurre egiteko hartutako neurriek ez dutela lortzen eraginkorrak izatea eta arazoaren benetako konplexutasunari aurre egitea. Krisian eragiten duten hainbat zeharkako bultzatzaile sozioekonomiko identifikatu dituzte (hala nola populazioaren hazkundea, hondakinen igoera eta gehiegizko kontsumoa), eta ikusi dute zeharkako bultzatzaile horien 12 adierazleetatik ia denek okerrera egin dutela 2001etik hona. 

Txostenaren beste mezu garrantzitsu bat da konektatutako krisi hauen ondorioek munduko biztanle batzuei besteei baino gehiago eragiten dietela. Eta nabarmendu dute munduko biztanleriaren erdia baino gehiago bizi dela biodibertsitatearen gainbeherak, uraren eskuragarritasunak eta kalitateak, elikagaien segurtasunak, osasunerako arriskuen gorakadak eta klima-aldaketaren ondorio kaltegarriek inpakturik gehien eragiten duten eremuetan.

Etorkizuneko erronkak eta aukerak

Etorkizuna nolakoa izan litekeen ere aztertu dute, hainbat egoera desberdin aurreikusita. Garbi ikusi dute  egungo joerei eusten bazaie, emaitzak oso txarrak izango direla biodibertsitatearentzat, uraren kalitatearentzat eta osasunarentzat. Baian etorkizun hobe baterako aukerak ere ikusi dituzte. Horretarako, ekosistemak kontserbatzearekin eta leheneratzearekin, kutsadura murriztearekin eta klima-aldaketa arintzearekin batera, ekoizpen eta kontsumo jasangarrian oinarritutako ekintzak egin beharko lirateke.

Txostenak erakusten du gaur egun badaudela krisiari erantzuteko aukera ugari, eta horietako batzuk, gainera, kostu txikikoak direla. Hala, 70 erantzun-aukera baino gehiago aurkeztu dituzte. Hauek dira adibide batzuk: karbonoan aberatsak diren ekosistemak (basoak, lurzoruak, mangladiak) leheneratzea; biodibertsitatea kudeatzea, animalien gaixotasunak gizakiengana hedatzeko arriskua murrizteko; lurreko eta itsasoko paisaiaren kudeaketa integratua hobetzea; naturan oinarritutako hiri-irtenbideak; dieta osasungarriak eta jasangarriak; eta elikadura-sistema indigenei laguntza ematea.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia