Munduko 10 baso mehatxatuenak

Munduko 10 baso mehatxatuenak


Munduko 10 baso mehatxatuenak
2011/06/01 | Elhuyar

Nazio Batuek 2011. urtea Basoen Nazioarteko Urtea izendatu duten honetan, Conservation International erakundeak munduko 10 baso mehatxatuenen zerrenda argitaratu du. Jatorrizko habitataren % 90 edo gehiago galdu dute baso horiek, eta, gutxienez, 1.500 landare-espezie endemiko dituzte. Gainera, Conservation Internationalen arabera, bilioi bat pertsona inguru bizi da 10 baso hauetan edo haien inguruan, basoetako baliabideak zuzenean edo zeharka ustiatuz.

Indo-Burma
(Argazkia: Conservation International/Sitha Som)
Indiako ekialdean eta Txinako hegoaldean jatorrizko baso tropikalen % 5 baino ez da gelditzen. Hango ibai eta padurek ekosistema aberatsak osatzen dituzte; bertan bizi dira munduko ur gezatako arrainik handienetako batzuk. Padurak suntsitu dira arroz-soroak egiteko, ibaietan presak egin dira elektrizitatea sortzeko, eta mangladiak ganba-haztegi bihurtu dira.
Kaliforniako basoak
(Argazkia: William Crosse)
Sekuoia erraldoien eta azken Kaliforniako kondorren bizilekua. Behinola bertan bizi izan ziren grizzly hartzak desagertuak dira dagoeneko lur hauetatik. Nekazaritza komertzialak kendu dizkio lur gehienak basoari; lur horietan ekoizten da AEBn kontsumitzen diren barazkien erdia.
Afrikako ekialdeko kostako basoak
(Argazkia: Robin Moore/iLCP)
Zanzibarko kolobo gorria amu turistiko bihurtu da. Baso hauetako hiru tximu endemikoetako bat da. Jatorrizko basoaren % 10 baino ez da gelditzen, eta gelditzen dena oso fragmentatuta dago.
Afrikako ekialdeko mendiak
(Argazkia: Robin Moore/iLCP)
Arabia Sauditik hasi eta Zimbabwera bitartean dauden mendiek antzeko flora dute. Han daude munduko lakurik harrigarrienetako batzuk ere. Laku handi horietako biodibertsitatea izugarria da; besteak beste, 617 arrain-espezie endemiko daude.
Filipinak
(Argazkia: Olivier Langrand)
Munduko lekurik aberatsenetako bat, biodibertsitateari dagokionez. Espezie endemikoz beterik daude Filipinetako basoak: besteak beste, 6.000 landare-espezie eta hainbat hegazti, hala nola Filipinetako arranoa ( Rhacophorus pardalis ), munduko bigarren arrano handiena.
Hego Amerikako baso atlantikoa
(Argazkia: Conservation International/John Martin)
Brasilgo, Paraguaiko, Argentinako eta Uruguaiko baso tropikaletan 20.000 landare-espezie inguru daude, % 40 endemikoak; eta desagertzeko arriskuan dauden dozena-pare bat ornodun.
Kaledonia Berria
(Argazkia: Bananaflo/Creative Commons/aitortu eta partekatu baimen beraren arabera)
Bost landare-familia endemiko daude Kaledonia Berriko basoetan. Han hazten dira ezagutzen den konifera-parasito bakarra eta munduko araukaria-espezieen bi herenak, denak endemikoak. Gaur egun, jatorrizko basoaren % 5 baino ez da gelditzen.
Txinako hego-mendebaldeko mendiak
(Argazkia: Conservation International/Piotr Naskrecki.)
Mendi hauetan bizi da panda handia, kontserbazioaren ikur ezaguna, eta baita haren lehengusu txikia ere, panda gorria (argazkian). Gainera, bertako ibai-sistema izugarri aberatsa da espezietan. Bertan dago munduko zentral hidroelektrikorik handiena ere, Three Gorges Dam, eta ibai nagusi gehienetan presak egitea dago planifikatuta.
Sundaland
(Argazkia: Conservation International/Haroldo Castro)
Borneo eta Sumatra uharte handiak dira nagusi eskualde honetan. Hango basoetan soilik bizi dira orangutanak. Basogintza industriala (kautxua eta palma-olioa, besteak beste) eta animalien trafikoa dira mehatxu nagusiak.
Madagaskar eta Indiako Ozeanoko irlak
(Argazkia: Cristina Mittermeier/iLCP)
Isolamenduan eboluzionatu duten espezieen adibide ugari biltzen dituzte baso hauek. Afrikatik gertu egon arren, espezie erabat desberdinak bizi dira irla hauetan, Madagaskarko 50 lemur-espezieak kasu. Nekazaritza, ehiza, egurraren industria eta meatzaritza hazten ari diren mehatxuak dira.
2
276
2011
6
016
Ingurumena
Mundu ikusgarria
4

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Ingurumena