}

Munduari bira 80 teleskopiotan

2009/04/03 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

“Munduari bira 80 teleskopiotan” proiektuan, planetako teleskopio aurreratuenen zuzeneko emankizuna egingo dute 24 orduz jarraian. Kanariar uharteetatik mundu osora zabalduko dituzte unibertsoaren irudiak Teide eta Roque de los Muchachos behatokiek.

Konexioak gaur, ostirala 3, goizeko hamaiketan hasi, eta bihar ordu berean amaituko dituzte. Parte-hartzaileek beren herrialdetako astronomia-behatokietan nahiz planetaren beste aldean gertatzen ari dena ezagutzeko aukera izango dute. Halaber, galderak egin, mezuak bidali, kosmosaren irudi berrienak ikusi eta astronomoen egungo ikerketa-lerroak ezagutu ahal izango dituzte.

Themis, Laboratorio Solar eta Quijote teleskopioak 13:00ak 13:30ak bitartean konektatuko dira Teideko Behatokiarekin. Gran Telescopio Canarias (GTC), William Herschel Telescope (WHT), Telescopio Nazionale Galileo (TNG) eta SST teleskopioek gauza bera egingo dute 23:00ak eta 23:40ak bitartean, Roque de los Muchachos Behatokian. Horrez gain, ekimen honetan parte hartzen dute Hawaiiko eta Txileko teleskopioek, Southern African Largek eta Espainiako beste zenbait erakundek, hala nola Calar Alto Behatokiak (Almeria) eta Espazio-astronomiaren Europako Zentroak (Madril). Modu horretan, “Munduari bira 80 teleskopiotan” proiektuaren helburua da ikusleek kontinente guztietan zehar bidaiatzea, nolabait, baita Antartidan zehar ere.

Horretarako, parte-hartzaileek webcast baten bidez ikusiko dute zeruan gertatzen ari dena —webcast-a Internet bidez transmititzeko bereziki diseinatutako telebista-programa baten antzekoa da—. Ekimen horri jarraitzeko asmoa duen orok helbide honetan egin dezake: http://www.100hoursofastronomy.org

Unibertsoa nola eta nondik aztertzen duten ikusteko aukera bikaina da, eta Astronomiaren Nazioarteko Urtearen “Astronomiako 100 ordu” ekimenaren barruan dago.

Irudia: NASA

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia