Munduaren bizigarritasuna, arriskuan

Muga planetarioen eredua osatzeko eta egoeraren analisia hobetzeko helburuz, ongizate sozialarekin lotutako oinarrizko alderdiak barneratzen dituen uztaia (donuta) aurkeztu du DEAL laborategiak (Doughnut Economics Action Lab, Oxford, Erresuma Batua). Uztai horren arabera, mundua desorekatuta dago, eta bizigarritasuna arriskuan dago, hainbat alderditan. Etengabeko hazkunde ekonomikoaren helburua baztertzeko eta ingurumena eta ekitatea ardatz izango duen ekonomia baten aldeko deia egin du laborategiak, Nature aldizkarian argitaratutako artikuluan.

Munduaren bizigarritasuna, arriskuan


Muga planetarioen uztaiak mundua gizakiontzat bizigarria izan dadin gutxieneko ingurune-kondizioak zehazten ditu, funtsezko 9 sistematan: biosferaren osotasuna, klima-aldaketa, lurraren erabilera, ur geza, fosforoaren eta nitrogenoaren zikloak, ingurumen-kutsatzaileak, ozeanoen azidifikazioa, atmosferako aerosolak eta ozono estratosferikoa. 2009an sortu zuten eredua, eta, geroztik, hainbat aldiz berrikusi dute, egoera eguneratzeko, sistema gehiago gehitzeko, eta, batez ere, alderdi soziala ere barneratzeko. Izan ere, muga planetarioekin lotutako arazoek desberdin eragiten dute munduko leku desberdinetan, talde sozial desberdinei, edo pertsona desberdinei.

Gutxieneko behar sozialak

Horrenbestez, DEAL laborategiko ikertzaileek ongizate sozialarekin erlazionatutako 12 alderdi gehitu dizkio muga planetarioen uztaiari: janaria, osasuna, hezkuntza, diru-sarrerak eta enplegua, ura, energia, konektibitatea, etxebizitza, ekitatea, kohesio soziala, ahots politikoa eta bakea eta justizia. 35 adierazle ere zehaztu dituzte, eta 2000-2022 bitartean izandako bilakaera aztertu dute.

Analisiaren arabera, tarte horretan munduko ekonomia (BPG globala) bikoiztu egin zen, baina hobekuntza oso motela izan da pobrezia eta oinarrizko zerbitzuen falta murriztean: bost aldiz azkarrago egin beharko litzateke aurrera, 2030erako helburu sozialak betetzeko.

Horrekin batera, ingurumen degradazioak ez du etenik. Ikertzaileek argi utzi dute ezinbestekoa dela geldiaraztea. Halaber, orain baino ia bi aldiz azkarrago egin beharko litzateke aurrera jasangarritasunerantz, 2050ean planetaren egonkortasunari eusteko.

Herrialdeen artean dagoen desberdintasuna ere agerian geratu da: herrialde aberatsenek (nazioen % 20, biztanleriaren % 15) gehiegikeria ekologikoaren % 40 baino gehiago sortzen dute; eta pobreenek (nazioen % 40, biztanleriaren % 42) gabezia sozialen % 60 baino gehiago pairatzen dute.

Ingurumeneko mugei begiratuta, poluitzaile kimikoak eta biodibertsitatea ageri dira okerren. Alderdi sozialari begiratuz gero, berriz, bakea eta justizian, ahots politikoan, eta diru-sarrera eta enpleguan daude desoreka handienak.

Politika berrien oinarri

DEALek baieztatu du azterketaren datuak baliagarriak direla, eredu makroekonomikoetan, giza ongizatea bereizteko hazkunde ekonomikotik eta ingurumen-degradaziotik. Aipatu duenez, 50 lekuko gobernu baino gehiago dagoeneko ari da erabiltzen uztai berritua haien politiketan.

Bestalde, Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) ere aipatu ditu. Gogorarazi du GJHk 169 xede zehazten dituela; uztaiak, berriz, 35 adierazle baino ez ditu. Hala ere, alderdi sozialak eta ekologikoak orekatuagoak daudela irizten dio DEALek, eta haien irudikapena argigarriagoa dela.

Besteekin alderatuta, orain aurkeztu duen ereduaren berezitasuna ere azpimarratu du: gutxieneko behar sozialetan azpitik dagoen populazioaren ehunekoa neurtzen du, behar materialak (janaria, energia…) eta ez materialak (kohesioa, ahots politikoa…) aintzat hartuta. Dena dela, onartu du oraindik ez dituela zuzenean erlazionatu alderdi sozialak eta ekologikoak. 

DEALen asmoa da urtero eguneratzea uztaia, ekonomia etengabeko hazkundetik aldentzeko, eta giza ongizatera eta planetaren osasunera hurbiltzeko. 

 

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Berdintasuna