Mundua porrot hidrikoan sartu dela adierazi du NBEk

Kubuqi basamortua, Mongolia. Arg: Kabol Liu / imaggeo.egu.eu / CC BY 3.0


Nazio Batuen Erakundearen txosten batek azaldu du krisi hidriko eta estres hidriko terminoak jada ez datozela bat errealitatearekin, badirelako atzera bueltarik gabeko kalteak, arro eta erreserba asko itzulerarik gabeko puntu batera eraman dituztenak. Horrenbestez, porrot hidrikoan sartu dela adierazi dute txostenaren egileek: ez dago sarrerarik, eta aurrezkiak (glaziarrak, hezegunean…) agortzen ari dira.

Egoera kontuan izanda, egileek zientzian oinarritutako egokitzapenak egiteko eskatu diete munduko agintariei. Izan ere, eskualde asko beren baliabide hidrologikoen gainetik bizitzen ari dira, eta sistema hidriko kritiko askok ez dute atzera bueltarik.

NBEren txostena Water Resources Management aldizkarian argitaratutako artikulu batean oinarritzen da. Artikulu horrek honela definitzen du porrot hidrikoa: gainazaleko eta lurpeko uren gehiegizko ustiapen jarraitua, emari berriztagarriei eta agortze-maila seguruei dagokienez; eta, horren ondorioz, urarekin lotutako kapital naturalaren galera itzulezina edo kostu handikoa.

«porrot hidrikoa ez denez tokiko krisi isolatuen segida bat, baizik eta arazo globala, erantzunak ere globala izan behar du»

Hala, gizateriaren % 75 ur-segurtasunik gabekotzat edo kritikoki segurtasunik gabekotzat sailkatutako herrialdeetan dago; eta 4.000 milioi pertsonak ur-eskasia larria dute, urtean gutxienez hil batean.

Sistema beraren parte

Baieztatu dutenez, arro eta herrialde guztiak ur-porrotean ez dauden arren, sistema beraren parte dira, eta elkar lotuta daude merkataritzaren, migrazioaren, klimaren eta botere-harreman geopolitikoen bidez, klimarekin gertatzen den bezala. Hau da, ez die denei berdin eragiten, baina egoera globala porrotarena da. Puntu kritikoenen artean, Ekialde Ertaina eta Afrikako iparraldea nabarmentzen dira. Asiako hegoaldeko zenbait tokitan ere, nekazaritzak eta urbanizazioak maila freatikoen beherakada larriak eta lurra leku batzuetan hondoratzea ekarri dute.

Txostenaren egileen esanean, porrot hidrikoa ez denez tokiko krisi isolatuen segida bat, baizik eta arazo globala, erantzunak ere globala izan behar du. Horren barruan, ezinbestekoa da kalte handiagoak eragoztea, arriskuak eta kosteak modu bidezkoan banatzea, eta sistema sozioekonomikoak egokitzea ur gutxiago behar izateko.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali