“Mundua hobetzeko ikertzen dugu”
2023/06/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ukaezina da gaur egun ingurumenaren zaintzak eta leheneratzeak duen garrantzia. Arrate Santaolalla Ramirez horretan ikertzen du, baina ez zen horregatik hasi horretan. Onartu du, hala ere, betitik iruditu zaiola funtsezkoa ingurumena zaintzea, baina, batez ere, gustuko ikasgaiekin eta irakasleekin topo egin izanak eraman dute bide horretatik. Are gehiago; ingurumenarekin lotutako sailetara, bizi-zientzietatik iristen dira asko; Santaolalla, ez: “Industria Kimikoa Ingeniaritza Gradua ikasi nuen EHUn, eta, hor bertan, laugarren mailan, ingurumen-teknologiak izeneko ikasgai bat zegoen, eta konturatu nintzen gustatzen zitzaidala”.
Hala, Ingurumen Ingeniaritza masterra egitea erabaki zuen. Han ezagutu zituen master-amaierako lanaren zuzendariak izango zirenak, eta haiek proposatuta hasi zen ingurumen-ingeniaritzan ikertzen.
Santaolallak azaldu duenez, prozesu industrialak aurrera doaz, eta hondakinak sortzen dira. “Hondakin horiek kudeatu behar dira, eta, teknologiak horretan laguntzen du”. Horren adibide da bere lana: “Guk metalak berreskuratzen ditugu. Mikroorganismoak erabiltzen ditugu solubilizazio-prozesu batean, metalak berreskuratzeko”.
Berez, bi alderditan aplikatu eta ikertu dute bioprozesu hori. Batetik, biomekanizazioan, mikroegituren ekoizpenean; eta, bestetik, biolixibiazioan, tresna elektriko eta elektronikoen zirkuitu inprimatuetan dauden metalen berreskuratzeko, adibidez. “Izan ere, gero eta gehiago metatzen dira munduan, eta horien kudeaketa arazo oso larria da. Gu horretan zentratzen gara”, zehaztu du.
Finantzazioa, zailtasun nagusia
Santaolallak aitortu du pozik dagoela ikerketa-munduan egiten ari den lanarekin, bere aletxoa jartzen ari dela iruditzen baitzaio. Baina oztopo handi bat ere aurkitu du: finantzazioa lortzea. “Bekak eta diru-laguntzak, normalean, beste talde batzuei ematen dizkiete; agian, ikerketa oso garrantzitsuak egiten dituztelako. Baina, hori hala izanda ere, ingurumena gure osasunarekin erlazionatuta dago, eta ez dugu ahaztu behar funtsezkoa dela zaintzea”.
Haren iritziz, dibulgazioak lagundu dezake babes handiagoa lortzen, baita irakaskuntzak ere. “Dibulgazioa ikerketaren parte da. Jendeak ikusi behar du zertan egiten dugun lan, zer lortzen dugun, zer ondorio dituen… Nire ustez, horrek lagundu dezake ikerketaren garrantziaz jabetzen eta finantzazioa hobetzen”.
Bestalde, gustuko du irakasle-lana: “Nik ikasitako guztia, gazteei irakasten nabil. Baita ikerketa zein garrantzitsua den; ez bakarrik ingurumen-arloan, baizik eta arlo guztietan, mundua hobetzeko, nolabait. Horretarako egiten dugu ikerketa”.
Etorkizun labur-ertainean, hezkuntzan eta ikertzen jarraitzea gustatuko litzaioke. Izan ere, gustura dago taldean: “Talde txikia gara, eta uste dut guztiok gaudela gustura, eta egiten duguna oso garrantzitsua dela”.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia