Mugitu, epea bukatzen ari da!
2010/01/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Power Balancek ekarri dit gogora saria. Joan diren Gabon hauetan gehien oparitu den objektuetako bat izan da. Eskumuturreko bat da, itxuraz arrunta, baina ahalmen ezkutuak dituena. Esaten dutenez, eskumuturrekoa jantzita, ez duzu oreka galtzen, ezta indar handiz bultzatzen bazaituzte ere. Hortaz, kirolarientzat aproposa da. Baina ez kirolarentzat bakarrik; denentzat da mesedegarria, indarra eta malgutasuna ere areagotzen baititu. Gainera, haren ahalmenak frogatuta daude.
James Randiren fundazioak milioi bat dolarreko saria emango dio ahalmen ezkuturen batmetodo zientifikoari jarraituz frogatzen duenari.
(Argazkia: James Randi Educational Foundation)
Horrenbestez, eskumuturrekoaren asmatzailea hautagai ezin hobea da milioi bat dolarreko sarirako. James Randi izeneko ilusionista eszeptiko batek eskaintzen du saria. Dioenez, ez du sinesten eskumuturrekoetan, ez eta ahalmen ezkutuak dituzten bolatxo, piramide, kristal, likido eta bestelakoetan ere, baina sinesteko prest dago, baldin eta norbaitek froga sendoak erakusten badizkio. Eta hori egiten duenari emango dio, hain justu, saria.
Batek pentsa lezake erraza dela saria irabaztea. Power Balanceren kasuan, esate baterako, webgune askotan azaltzen da zertan oinarritzen diren haren eragin onuragarriak. Powerbalance.net -en, adibidez, eskumuturrekoak dituen hologramei egozten zaie eragina: holograma horiek gorputzaren energia-eremu naturalarekin modu positiboan erreakzionatzen duten maiztasunak dituzte, eta, horri esker, oreka, indarra eta malgutasuna areagotu egiten dira.
Jarraian, azaltzen dute ia gauza guztiek dutela berezko maiztasun bat. Maiztasun batzuek positiboki erreakzionatzen dute gorputzarekin, eta beste batzuek, negatiboki. Holograma gorputzaren energia-eremuarekin kontaktuan jartzen denean, holograman gordetako maiztasun natural eta onuragarriarekin elkarrekintza izateko aukera du gorputzak. Horren ondorioz, gorputzean zeharreko energia-fluxua areagotu egiten da .
Beste webgune batean, berriz, akupunturarekin lotzen dute eskumuturrekoaren ahalmena. Minimoto aldizkariarena da webgune hori , eta, haren arabera, eskumuturrekoak akupuntura-puntuak estimulatzen ditu, eta, horri esker, normalean baino errazago transmititzen dira seinale elektromagnetikoak. Horrela, mina arintzen duten prozesu biokimikoak bideratzen dira, eta baita endorfinak ere. Biokanpoa orekatzen duela ere aipatzen dute.
Milioi bat dolar, zain
Badirudi, beraz, fenomeno bera azaltzeko prozesu bat baino gehiago dagoela. Bada, nahikoa litzateke horietako bat frogatzea eta Randiri aurkeztea milioi bat dolar irabazteko. Hori bai, frogak metodo zientifikoari jarraituz lortu beharko lituzke, hori baita Randik jarritako baldintza nagusia, eta lehenbailehen egin beharko luke, epea laster amaituko baita.
Inork ezin du esan, hala ere, denbora faltagatik geratu dela saririk gabe. Izan ere, hamabi urte igaro dira Randik saria eskaini zuenetik. Hasieran hamar urteko epea eman zuen, baina, inork ez zuela lortu ikusita, beste bi urtez luzatu zuen. Orain arte, inor ez da gai izan fenomeno horietako bat edo antzeko beste bat frogatzeko, eta Randik esana du ez duela gehiago luzatuko epea, milioi bat dolar alferrik daudelako hor gordeta, eta nahiago duelako zerbait onuragarria egiteko erabili.
Hain zuzen, jarrera eszeptikoa sustatzeko eta sineskeriak agerian jartzeko hainbat ekimen antolatzen ditu Randik sortutako fundazioak. Besteak beste, horrelako gaiak eztabaidatzeko itsas bidaia bat antolatu du udaberrian, nora eta Bermudetako triangelura. Bidaian izena emateko epea ere irekita dago.
Gara -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia