Morfinaren ordezkoen bila
2002/07/22 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Koral-itsasoetan bizi den barraskilo batean morfinaren ordezkoa izan daitekeen substantzia bat aurkitu dute
Kono-formako maskorra duten barraskilo-espezieek (Conus sp.) konotoxina deritzen toxinak ekoizten dituzte. Substantzia horiek arrain txikiak paralizatu eta harrapatzeko erabiltzen dituzte animaliok. Toxina horiek neuronen arteko komunikazioa blokeatzeko gaitasuna dute, eta, zientzialariek diotenez, dosi txikiagoetan mina arintzeko gai izan daitezke.
Melbourneko Unibertsitateko zientzialari-talde batek aurkitu du konotoxinen taldekoa den substantzia berria. ACV1 izena jarri diote eta jadanik patentatzeko bidean dago.
ACV1-ek neuronetan minaren transmisioan lan egiten duten hartzaileak blokeatzen ditu, azetilkolina nikotinikoaren hartzaileak hain zuzen. Horrela, min-eta ukimen-sentsazioen transmisioa baretu egiten du.
Zientzialariek arratoiekin egin dituzten probetan, morfina baino 10.000 aldiz eraginkorragoa dela ikusi da. Gainera, kaltetutako neuronak osatzen laguntzen du eta ez du mendekotasunik sortzen.
Azken ezaugarri horrek min kronikoa jasaten duten gaixoentzat oso egokia bilakatzen du toxina, eta horregatik jo da morfinaren ordezkotzat.
Hala eta guztiz ere, oraindik ez da toxinaren mekanismoa guztiz ezagutzen, eta azterketa gehiago beharko dira inolako albo-ondoriorik edo mendekotasunik sortzen ez duela frogatzeko. Gizakietan probak egiten hasi aurretik azterketa luzea beharko dela esan dute zientzialariek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia