
Morena ehiztari bikaina da; koral edo arroka artean ezkutatuta zelatatzen ditu harrapakinak, eta horzkada beldurgarria du. Bada, jakin berri dutenez, ehizarako arma bat gordetzen du ezkutuan: bigarren baraila bat du faringean (a irudia), hortz zorrotzez hornitua.
Aurkikuntza berezi hori abiadura handiko kamerekin eta X izpiko argazkiekin egin dute Californiako Unibertsitatean, eta ikusi dute bigarren barailak ere horzka egiten diola harrapakinari (b irudia) morenak (Muraena retifera) heltzearekin bat. Azaldu dutenez, faringeko baraila hori harrapakina harrapatzeko da, batez ere, eta ez bakarrik heldu eta irensten laguntzeko, beste animalia-espezieetan gertatzen den bezala.
Argazkia:Rita Mehta eta Candi Stafford.
Nagore Rementeria Argote
Elhuyar Zientzia
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian erredaktore lanak egiteaz gain, irratian ere aritu izan da: aurkezle gisa egin zituen hainbat urte Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrillean Guillermo Roarekin batera. Gaur egun Teknopolis telebista-saioko erredaktorea da, ETBrentzat Elhuyar Fundazioak ekoizten duen saioan.








