Morenaren ezkutuko arma
2007/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Morena ehiztari bikaina da; koral edo arroka artean ezkutatuta zelatatzen ditu harrapakinak, eta horzkada beldurgarria du. Bada, jakin berri dutenez, ehizarako arma bat gordetzen du ezkutuan: bigarren baraila bat du faringean (a irudia), hortz zorrotzez hornitua.
Aurkikuntza berezi hori abiadura handiko kamerekin eta X izpiko argazkiekin egin dute Kaliforniako Unibertsitatean, eta ikusi dute bigarren barailak ere horzka egiten diola harrapakinari (b irudia) morenak (Muraena retifera) heltzearekin bat. Azaldu dutenez, faringeko baraila hori harrapakina harrapatzeko da, batez ere, eta ez bakarrik heldu eta irensten laguntzeko, beste animalia-espezieetan gertatzen den bezala.
Arrain harrapari askok hurrupaketa erabiltzen dute erasoan laguntzeko. Baina morena da ehizarako bigarren baraila erabiltzen duen arrain bakarra, ezagutzen den lehenengoa, behinik behin. Eta, dirudienez, horixe da arrain horren ehiza-arrakastaren gakoa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia