}

Moore-ren legeari eusteko

2002/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

1965ean, Gordon Moore Intel enpresaren buruak ordenagailuen abiaduraren bilakaera nolakoa izango zen iragarri zuen. Haren ustez, 18 hilabetean behin abiadura bikoiztu egingo zen. Orain arte, behintzat, bete egin da Moore-ren legea, azalera jakin batean sartzen den transistore-kopurua lege horri eusteko adina hazi delako. Baina, gaur egungo transistoreen tamaina dela eta, lege horri eusteko zailtasunak gero eta handiagoak dira.

Orain, Princeton Unibertsitateko Stephen Chou irakasleak transistore txikiagoak egiteko sistema berria iragarri eta Nature aldizkarian eman du haren berri. Sistema hori inprimatze mekaniko mota bat da. Kuartzozko matrize bat ipintzen da txiparen siliziozko geruzaren gainean. Gero, laser baten bidez, urtu egiten da silizioa, eta kuartzozko matrizea azpiko geruzan sartzen da. Modu horretan, zirkuituaren itxura 'inprimatu' egiten da.

Azkenik, matrizea altxatuta, zirkuitu soila gelditzen da. Egilearen arabera, sistema horren bidez oraingo transistore baten lodieran 10 egin daitezke, eta, beraz, oraingo transistore bakar baten azaleran 100 transistore sartu ahal izango dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia