Montreal 87 Euskal Herria 97
1997/09/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria
Aurrekariak
1984ko irailean Greziako Salonika-ko Unibertsitateak ozonoari buruzko nazioarteko sinposiuma antolatu zuen. Bertan Sigeru Chubachi ikertzaile japoniarrak 1982an Hego Poloan egindako ikerketen berri eman zuen. Hark zioenez, ozono-mailaren jaitsiera nabaria izan zen aurreko urteekiko. Handik hilabete gutxitara, 1985eko maiatzean hain zuzen, Nature aldizkarian British Antartic Survey erakundeko Joseph Farman, Brian Gardiner eta Joseph Shanklin ikertzaileek 1980 eta 1984 bitartean Hego Poloko atmosferan egindako ikerketen emaitzak argitara eman zituzten. Hauek ere ozono-eskasia agerian utzi zuten eta, gainera, kloroaren ez-ohikoa presentzia ere nabarmendu zuten.
Hain epe laburrean antzeko diagnostikoak egin izateak mundu osoko ikertzaileen interesa astindu zuen. NASAk ere Nimbus-7 sateliteak urte askotan emandako datuak berraztertu zituen. Itxura batean, sateliteak ez zuen datu arrarorik detektatu, baina azterketa sakonago batek sateliteak urtero irailean eta urrian oso zenbaki txikiak erregistratuta zituela ohartarazi zituen, baina datu ez-normal horiek aparatuen akatsei leporatzen zieten.
1986. urtea eztabaida-urtea izan zela esan dezakegu. Teoria ugari azaldu ziren ozono-eskasia ulertu nahian, baina urte horren amaierarako ikerketa gehienek CFC substantziak erruduntzat jotzen zituzten.
Hurrengo urteko lehen hiruhilekoan komunitate zientifikoak, ia aho batez, CFC substantzien eragina baieztatu zuen. Zientzilariek hartutako erabaki horrek ez zuen kontrakorik izan eta bai politikariak, baita industriariak ere, CFC substantzien egoera komertzialaren aldaketarako prestatzen hasi ziren.
Gasa Konposizioa (milioirenak) (bolumenaren arabera) | Konposizioa (milioirenak) (pisuaren arabera) | |
Nitrogenoa | 780900 | 755100 |
Oxigenoa | 209500 | 231500 |
Argona | 9300 | 12800 |
Karbono(IV) oxidoa | 300 | 460 |
Neona | 18 | 12,5 |
Helioa | 5,2 | 0,72 |
Metanoa | 1,5 | 0,94 |
Kriptona | 1 | 2,9 |
Nitrogeno-oxidoa | 0,5 | 0,8 |
Hidrogenoa | 0,5 | 0,035 |
Ozonoa | 0,4 | 0,7 |
Xenona | 0,08 | 0,36 |
Aipatu joera hori 1987. urtean Montrealen sinatutako hitzarmenean gauzatu zen. Mundu garatuko 55 estatuk parte hartu zuten eta 27k sinatu zuten CFC substantzien produkzioa murrizteko hitzarmena. Hitzarmen horren arabera, 2000. urteko produkzioa 1986. urtean izandakoaren erdira ekarri behar zen.
Estatu garatuak izan ziren, batez ere, hitzarmena sinatu zutenak eta garatze-bidean zeudenak atzera egin zuten. Estatu aurreratuek, izan ere, bitarteko ekonomiko gehiago zuten trantsizio posibleei aurre egiteko, baina gainerakoentzat hitzarmena sinatzeak programa ekonomiko osoak bertan behera uztea eskatzen zuen. Adibide gisa Txinako kasua aipa daiteke; bertako agintariek 2000. urterako txinako familia bakoitzak etxean hozkailua izateko plangintza osatuta zuten eta, beraz, Montrealgo akordioa betetzearen ondorioa plangintza bertan behera uztea zen; beraz, uko egin zioten sinatzeari.
Dena den, igaro diren hamar urte hauetan egoera azeleratu egin da. Une honetan CFCak ia ez dira produzitzen eta industria zein kontsumoa oso ongi egokitu dira egoera berrira. Garatze-bidean dauden estatuetan ere, uste baino errazago ari dira sartzen CFCen ordezko substantziak eta, beraz, Montrealen hitzartutakoa bete ezezik, gainditu ere egin dela esan daiteke.
Ozonoaren fisika eta kimika
Orain dela 1.800 milioi urteko mineralak analizatuz, garai hartan airean oxigenoa zegoela esan daiteke. Urteak igaro ahala, oxigeno-maila handiagotuz joan zen eta gaur egungo kontzentrazioaren % 1 izatera iritsi zenean, ozono-geruza sortzen hasi zen,
Ozonoaren formula kimikoa O 3 da. Oxigenoz osaturiko konposatu kimiko hau eratzeko batez ere bi baldintza behar dira: oxigenoa eta energia. Chapman izan zen ozonoaren eratze-formula eman zuen lehena:
O + O 2 ˆˆˆˆˆˆ O 3
Oxigeno monoatomikoa lortzeko bidea oxigeno molekularra disoziatzea da, baina horretarako energia behar da. Atmosferan dagoen energiatik gehiena Eguzkitik datorrena da. Hori dela eta, Chapman-ek izpi ultramoreen eragina frogatu zuen laborategian eta 240 nm baino luzera txikiagoko izpi ultramoreek oxigeno-molekula banandu egiten dutela aurkitu zuen.
Beraz, ozonoa sortzeko oxigenoa eta energia behar dira. Oxigenoaren formazioa landare-kopuruarekiko zuzenki proportzionala da funtzio klorofilikoaren eraginez. Landaretza handiena tropikoen artean dago, hots, Amazonian, Asiako hegoaldean etab.ean. Bestalde, eguzki-izpiek gehien jotzen duten lekua ere tropikoen artekoa da. Hortaz, ozono-kantitaterik handiena tropikoen arteko lurren gainean sortzen dela baiezta daiteke.
Estratosferan sortutako ozonoa Lur osora hedatzen da eta laranja-azala izango balitz bezala inguratzen du. Gas horren dentsitatea 1,66koa da eta -112 °Cko tenperaturan likidotzen da. Banaketa bertikalari dagokionez, 10. km-tik 50. km-raino hedatzen da eta kontzentraziorik handiena 20. kilometroaren inguruan du.
Naturan den edozer gauzak gure oreka ekologikoan eragina du. Hala ere, substantzia batzuek beste batzuek baino garrantzi handiagoa dute. Ozonoak Eguzkitik datozkigun izpi ultramoreetatik babesten gaitu; hau da, iragazki baten betekizuna du. Konkretuki 290 nm baino uhin-luzera txikiagoko izpi ultramoreak iragazten ditu. Uhin-luzera hau baino txikiagoko izpi ultramoreek Lurra joko balute, ez litzateke gaur egun ezagutzen dugun bizia izango. Izan ere, aldaketa genetikoak, azaleko minbizia eta mutazioak gertatzeko baldintza ezin hobeak gertatuko bailirateke.
Hori ez da ozonoak duen zereginetako bakarra; berotegi-efektuan zerikusirik badu ere, lurrazalean ez da inolaz ere arestian aipatu zereginaren garrantzira iristen.
CFC substantzien nondik norakoa
1974. urtean Molina eta Rowland ikertzaileek kloro-atomo batek 100.000 ozono-molekula desagertaraz ditzakeela frogatu zuten. Fenomeno hori adierazten duen erreakzio-katea laburtua ondokoa da:
Cl + O 3 ˆˆˆˆˆ ClO + O 2
Cl + O ˆˆˆˆˆ Cl + O 2
Erreakzio hauek zera adierazten dute: kloro erradikalak ozono-molekula aurkitzen duenean berarekin konbinatzen da, kloro-oxidoa eta oxigeno-molekula sortuz. Ondoren kloro-oxidoa aurkitzen duen oxigeno erradikalarekin konbinatzen da, kloro erradikala eta oxigeno-molekula sortuz. Beraz, kloro erradikala berriro ere aske dago eta beste ozono-molekula batekin elkartzeko prest ere bai.
Prozesu zikliko hau, arestian aipatu bezala, batezbeste 100.000 aldiz errepika daiteke.
Azkar baino lehen frogatu zen estratosferako kloroak CFC substantzietan zuela jatorria, horregatik substantzian hauen ezaugarriak ezagutzea komeni da. CFC substantziak kloroa eta fluoroa dituzten hidrokarburoak dira. General Motors-ek garatu zituen 1930. inguruan. Hala ere, CFC substantzien erabilera industriala ez zen Bigarren Mundu Gerra bukatu arte gertatu. 1945 eta 1974 bitartean produkzioaren hazkundea batezbeste % 13 izan zen urtero. Horrela, 1974. urtearen bukaeran CFC 11 substantziaren produkzioa 370.000 tonakoa izan zen eta CFC 12rena 443.000 tonakoa. Substantzia hauen produkzioaren gailurra 1985. urtearen inguruan gertatu zen: 1.150.000 tona inguru produzitu ziren urte horretan.
Substantzia hauen erabilerari buruzko datuek ere eboluzio bat gertatu dela adierazten dute. 1970. urterarte CFCen erabilera nagusia aerosolen industrian kokatzen zen. Gaur egun erabileraren herena ematen da alor honetan. CFC 11, CFC 12 eta CFC 22 aerosol-propultsatzaile gisa produktu kosmetikoetan, farmazeutikoetan, intsektizidetan, laketan, desodoranteetan, etab.etan aurki ditzakegu.
Bigarren erabilera nagusia apar sintetikoetan, hots, poliuretanoetan, poliestirenoetan eta polietilenoetan dugu. Hauetan CFC 11, CFC 12 eta CFC 114 dira substantziarik erabilienak. Aipatu aparrak estalduretan, isolaketetan eta automobilgintzan erabiltzen dira nagusiki.
Hirugarren, eta azken, aplikazio-multzoa hozketan eta klimatizazioan kokatzen dira. CFC 11, CFC 12, CFC 22, CFC 113 eta CFC 114 hozteko instalazio handietan eta txikietan erabiltzen dira; bai hozkailuak isolatzeko isolatzaile gisa eta bai substantzia hoztaile gisa ere, hots, freoiak, etab. bezala.
Ondoren azaltzen den taulan CFC desberdinen bi ezaugarri erakusten dira. Batetik, substantzia bakoitzaren batezbesteko bizia eta, bestetik, ozonoa kaltetzeko ahalmena adierazten duen indizea.
Taula honetan azaldu diren substantziak gehien erabiltzen direnak dira. Eta horien artean CFC 11k eta 12ak produkzio osoaren % 80 osatzen dute. Kalterik handiena ere, hauexek eragiten dute. Beraz, CFC substantzien batezbesteko bizia 100 urtekoa dela esatea ez dago errealitatetik oso urruti.
Substantzia hauen biziari buruzko datuak ematea oso garrantzitsua da estratosferan duten eragina azaldu ahal izateko. CFCak atmosferara isurtzen direnean estratosferara heltzeko 20 urte inguru behar direla estimatzen da. Estratosferara heltzen direnean bertan dauden haize-korronteen eraginez Lur osoko estratosferara hedatzen dira.
Horren arabera, estratosferan une honetan eragiten ari diren CFCak 1975 urte bitartean isuritakoak dira. Produkzioaren gailurra 1985. urtean gertatu zenez, erraz ondorioztatzen da hemendik hamar-hamabost bat urtera estratosferan izango den CFC substantzien kontzentrazioa inoiz izan dena baino handiagoa izango dela. Datu honi batezbesteko biziarena gehitzen badiogu, XXI. mendean ozono-geruzak oso etorkizun kezkagarria izan dezakeela garbi ikusten da.
Hipotesirik errealena
Orain arte ozono-geruzaren mehetze nabaria Hego Poloan baino ez da gertatu eta, hainbat ikerketek diotenez, batez ere inguruko itsasoan hasi omen dira lehen eraginak nabaritzen, nagusia arrainen ugalketaren jaitsiera delarik.
Hala ere, CFC substantzien metaketatik zientifikoki espero zena ez da gertatzen ari, hau da, ozonoaren mehetzea etenik gabe handitzen joan beharrean zenbait urtetan oso beherakada txikiak gertatu dira. Gertaera honek, berez itxaropentsua bada ere, fenomenoa ongiegi ezagutzen ez dela ere adierazten du eta, ezagutzen bada ere, zenbait datu ez direla plazaratu, batez ere interes politiko edo ekonomikoak direla medio.
Izena | Bizia (urtetan) | Kaltetze-indizea |
CFC 11 | 70 | 1,0 |
CFC 12 | 150 | 0,89 |
CFC 113 | 100 | 0,85 |
CFC 114 | 300 | 0,79 |
CFC 115 | 650 | 0,40 |
Dena den, gizartean sortutako alarmak ingurugiroaren aldeko kontzientzia indartzea ekarri du eta batez ere, ozonoarena baino hurbilago ditugun arazoak, berotegi-efektua edo birziklapenarena, belaunaldi gazteen hezkuntzan eta bizitzan era natural batez txertatu dira.
Bestetik, ekologiaren nazioartekotasuna indartu egin da, ez baitugu ahaztu behar Amazonian edo Hego Poloan une honetantxe gertatzen ari denak eragin zuzena izan dezakeela geure bizitzetan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia