Mont Blanc hiru metro hazi da
2001/10/15 Elhuyar Zientzia
Europako mendirik garaienak 4.810 metro eta 40 zentimetro dauzka, eta ez, orain arte uste zen bezala, 4.807 metro. Neurketa berria joan den astean iragarri zuten Savoia Garaiko geometrialarien biltzarrean.
Mont Blanc bere altuerari leial al zaio? espedizioa irailaren 7an abiatu zen Mont Blanc-en gailurrerantz. Frantziako Institutu Geografikoko 10 geometrialarik eta hiru gidarik osatzen zuten taldea. Helburua bikoitza zen: Mont Blanc mendiaren garaiera zehatza neurtzea eta geometrialarien lana ezagutzera ematea.
Neurketak irailaren 8an, goizeko zazpietan, hasi ziren. Bailaran, altuera eta posizio zehatzetan, lau antena kokatu zituzten eta gailurrean beste bi. Antenez eta GPS sistemaz baliatuta gailurraren garaiera zehatza neurtu ahal izan zuten: 4.810 metro eta 40 zentimetro, 10 zentimetro gora behera. GPS teknologia Kilimanjaro eta Everest mendien garaiera neurtzeko erabili da dagoeneko. Horrela jakin zen, esaterako, Everest-ek 8.846,4 metro dauzkala, eta ez, 8.848 metro.
Mont Blanc media hazten ari denez, neurketak urtero edo bi urtez behin egiteko nahia erakutsi dute geometrialari frantsesek. Baina Grenobleko Behatokiko Pierre Tricart geologoaren ustez, espedizio horiek ez lirateke oso erabilgarriak izango. Izan ere, Mont Blanc mendia bi edo hiru milimetro hazten da urteko eta, beraz, zentimetroaren magnitudeko zehaztasuna duen teknika ez da aldaketak nabaritzeko gai izango. Himalaian, berriz, aldaketak 10 bider azkarragoak dira; han bai, izan daiteke baliagarria GPSa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia