}

Mondmilch likidoa Ernion

2004/03/17 Elhuyar Zientzia

Arantzadi Zientzi Elkarteko espeleologoek mondmilch-erreka bat aurkitu dute Ernio-Pagoeta-Gazume mendiguneko lur azpiko galeria batean, Gipuzkoan.

Arantzadi Zientzi Elkarteko espeleologoek mondmilch-erreka bat aurkitu dute Ernio-Pagoeta-Gazume mendiguneko lur azpiko galeria batean, Gipuzkoan. Argazkian ikus daitekeenez, zuri-zuria da, eta jogurtaren itxura du.

Dirudienez, mondmilch-a egoera likidoan ikusten den lehenengo aldia da; orain arte, mundu osoko leku askotan aurkitu izan da, oso ohikoa ez den arren, baina mondmilch horiek solidoak edo semisolidoak ziren.

Orain, egitura berezi horren konposizio mineralogikoa aztertzen ari dira. Lehenengo azterketak Donostiako Physics Center-en egin eta gero, Venezuelako Unibertsitatera bidali dituzte lagin batzuk mondmilch-ean aditua den Franco Urbanik azter ditzan.

Geroago, erreka horren jatorria ezagutzen saiatuko dira, eta horretarako ere mundu osoko adituen laguntza izango dute, asko izan baitira Ernion egindako aurkikuntza ezagutzeko nahia agertu dutenak.

Oraingoz, gehiago dira aurkikuntza horren gaineko galderak erantzunak baino. Eta, hala eta guztiz ere, zalantzarik ez dago espeleologia fisikoaren munduan zeresana eman duen albistea dela.

Dena dela, kontuan izan behar da bitxia bezain sentibera dela Ernion aurkitu duten egitura, eta gizakiaren edozein jarduerak hondatu egin dezakeela. Horregatik, mondmilcha non dagoen ezkutuan gorde nahi izan dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia