}

Moaien bidaia

1995/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arkeologoek makina bat hipotesi plazaratu dute orain arte, baina oraingoz ez dago Bazko Irlako moai direlakoei buruzko teoria fidagarririk. Kaliforniako Unibertsitateko Arkeologia Sailak bost urte eman ditu Bazko Irlako monumentu ikusgarriak ikertzen. Azterketaren zioa direlako moaiak higitzeko erabili zuten garraio-sistema izan da. Moaien neurriak eta Bazko Irlaren topografia aztertu eta gero, bertako biztanleek, Rapa Nui direlakoek erabili zuten sistema eta jorratu zituzten bideak ezagutzea lortu da.

Argazkiko moaien neurriak eta Bazko Irlaren topografia aztertu eta gero, bertako biztanleek, Rapa Nui direlakoek erabili zuten sistema eta jorratu zituzten bideak ezagutzea lortu da.

Azterketaren abiapuntua Bazko Irlako hiru dimentsiotako mapa xehetua da. Errealitate birtuala erabiliz, irlaren ezaugarri geografikoak isladatu dituzte eta gaur eguneko errobotek erabiltzen dituzten lokalizazio-sistemaz baliatu dira Rapa Nui-ek egin zuten bidea berritzeko. Kostaldetik moaiak dauden orubera dagoen distantzia nola egin zuten argitzea izan da ikerketaren bigarren helburua. Horretarako, moaia garraiatzeko behar izan zuten energia, marruskadurak sortzen duen indarra eta Irlaren ezaugarri geografikoak sailkatu egin dituzte.

Hortik aurrerako lana ordenadoreak egin du erroboten garraio-sistemarako erabiltzen diren programak erabiliz. Ikerlarien ustez, ordenadoreak plazaratu duen balizko ibilbideak ezin hobe betetzen ditu Rapa Nui-ek moaiak garraiatzeko kontutan hartu ei zituzten baldintzak. Ordenadoreak zehaztu zuen ibilbidea Bazko Irlan berritu orduko ohartu ziren bidean oraindik bazirela moaiek utzitako arrastoak. Bete-betean asmatu dute, agidanez.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia