}

Mitoak elikaduran

2003/06/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Badator uda: beroa, eguzkia, hondartza... tartean euria ere bai, noski, Euskal Herrian baikaude. Nolanahi ere, beste urte-sasoietan baino arropa gutxiago janzten du jendeak, eta, gorputza gehiago erakusten dela eta, batzuek kilo pare bat galtzeko premia sentitzen dute. Helburu horrekin, zenbait gauza jateari uzten diote: ogia, patata..., eta hainbeste gizentzen ez duten beste janari batzuk aukeratzen dituzte. Baina, ondo ari dira?
Telebistan azaltzen direnen antzekoa izatea da askoren ametsa, eta, horretarako, edozer egiteko prest daude.

"Egidazu kasu: dena integrala jaten baduzu eta ez baduzu urik edaten, erraz galduko dituzu kilotxo horiek. A! Eta ez jan fruta jatorduetan, baizik eta tarteetan, bestela gizendu egiten du. Eta patata, ezta probatu ere!"

Sarritan entzuten ditugu horrelakoak. Elikaduran adituak direnen esanean, ordea, gomendio horiek uste okerretan oinarritzen dira. Horregatik, ahalegindu arren, ez da argaltzea lortzen, edo, lortuta ere, ez da hartutako neurri horiengatik izaten, baizik eta beste eragile batzuengatik. Luzera, gainera, arriskutsua izan daiteke, osasunari inolako mesederik egiten ez dioten ohiturak hartu ahal direlako.

Adibidez, ura baztertzea oker handia da. Nola gizenduko du urak, ez badu kaloriarik? Eta, batez ere, jakin behar da ura beharrezkoa dela gorputzarentzat. Ura gernuarekin, gorozkiekin eta azaletik eta biriketatik lurrunduta galtzen da. Ur hori ez bada berreskuratzen, osasun-arazo larriak azaltzen dira: odol-presioa igotzen da eta zelulen barruko eta kanpoko oreka galtzen da.

Ur likidoa edatea ez da, noski, galdutako ura berreskuratzeko bide bakarra. Janariek ere badute ura; beraz, urik edan gabe ere litekeena da oreka hori gordetzea. Bestetik, egia da gorputzak, ura galtzean, pisua galtzen duela. Horregatik, hasieran diuretikoek emaitza onak ematen dizkiete argaldu nahi dutenei, baina deshidratatzeko arriskua dago. Gainera, obeso askok likido-erretentzioko arazoak izaten dituzten arren, irtenbidea ez da ura ez edatea, baizik eta gatz gutxiago hartzea eta ur gehiago edatea.

Janari integralak eta fruta

Ogia bustitzeko tentazioari eusteko gai izango zara?

Janari integralek finduek baino gutxiago gizentzen dutela uste du jende askok, baina, kaloriei dagokienez, ez dute alde handirik. Bien arteko alde bakarra zuntz-proportzioan dago; hain zuzen, integralek zuntz gehiago izaten dute.

Zuntzak ura atxikitzen duenez, janari integralek finduek baino toki gehiago hartzen dute urdailean eta motelago pasatzen dira hesteetara. Ondorioz, asetasun-sentsazio handiagoa ematen dute. Batzuen ustez, hori dela eta, gutxiago jaten da. Egin diren azterketen arabera, ordea, ez da halakorik gertatzen. Izan ere, normalean bat ez da asetzen jaten ari den bitartean, bukatu eta handik gutxira baizik. Agian, oso-oso mantso janez gero, antzemango da horren eragina.

Beste mitoetako batek dioenez, jatorduetatik kanpo jaten den frutak ez du gizentzen. Baina, jaten denean jaten dela ere, beste edozein janarik bezala, frutaren ‘gizentzeko ahalmena’ dituen kalorien araberakoa da. Esaterako, sagarrak, laranjak eta udareak 50 kcal inguru dute 100 gramoko. Beste jaki batzuekin alderatuta, kaloria asko dutenik ezin da esan, baina ezta gizentzen ez dutenik ere. Nolanahi ere, fruta ezinbestekoa da egoki elikatzeko, eta gutxienekoa da noiz hartzen den. Gainera, frutek duten C bitaminak haragiak duen burdina xurgatzen laguntzen du; hortaz, kasu horretan mesedegarria da fruta jatorduan hartzea.

Patatak eta ogiak asko gizentzen dute

Patatak berez ez ditu kaloria asko, baina kontuan hartu behar da frijitzean olioa xurgatzen duela.

Argaltzeko dieta askok elikagai batzuk debekatzen dituzte; horietako bat patata da. Patatak, ordea, ur asko du (% 75-80) eta 100 g-ko 80 kcal ditu. Hau da, ez du dietetan arazorik gabe onartzen diren beste jaki batzuek baino kcal gehiago; esate baterako, jogurt natural batek, arrautza egosi batek edo plantxan egindako 100 g mihi-arrainak adina kcal ditu, ez gehiago. Patataren osagai nagusia almidoia da (% 15-20), eta beste barazki gehienek baino proteina gehiago du (2g/100g); beraz elikagai egokia da edozeinentzat.

Beste kontu bat da nola prestatzen den edo zerekin jaten den patata. Frijituta, gantza duten saltsekin edo gurina daraman patata-pure moduan janez gero, noski, egosita edo labean erreta baino askoz ere kcal gehiago izango ditu. Dena dela, hori ez da patatarekin bakarrik gertatzen, beste elikagaiekin ere gauza bera gertatzen da, adibidez, ogiarekin.

Eta ogiaz ari garela... zergatik gomendatzen diete ogi txigortua jatea dieta egiten ari direnei? Ogi arruntak baino kcal gutxiago dituelako, akaso? Ezin da horregatik izan, ogi txigortuak ur gutxiago baitu; orduan, pisu berean, txigortuak arruntak baino kcal gehiago ditu. Badago, baina, txigortua gomendatzeko arrazoi bat: jende gehienarentzat ez da arrunta bezain erakargarria, eta, batez ere, ez du saltsan bustitzeko balio. Horregatik, azkenean bestea baino gutxiago jaten da.

Tarta hau irin integralez egina dago; horrek, noski, ez du esan nahi gizentzen ez duenik.

Adibide hauetaz gain, beste asko daude: margarinak gurinak baino gutxiago gizentzen duela, oliba-olioa baino ‘arinagoak’ direla arto-olioa eta ekilore-olioa, eta beste asko. Sarritan, ordea, ez dute inolako oinarririk. Gainera, batzuetan, mitoen atzean elikagai-industria dago; ez da ahaztu behar bezeroek kontsumitzen dutenaren araberako irabaziak izaten dituela.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia