}

MIRek 14 urte eta bizirik

2000/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Datorren otsailaren 20an 14 urte beteko dira MIR espazio-estazioa martxan jarri zela. Azkeneko urteetan bertan eginiko ikerketengatik baino gehiago, izandako arazo teknikoen zerrenda amaigabeagatik aipatu da MIR, eta Errusiak sofritzen duen krisi ekonomiko larria medio, estazioa Lurrera ekarri eta suntsitzeko erabakia hartu zen. Geroztik ordea, behin baino gehiagotan entzun dira MIRen bizialdia luzatzeko asmoari buruzko zurrumurruak, eta duela hilabete zurrumurru zirenak, egia bihurtu dira orain.

Errusiako Espazio Agentziako zuzendariak adierazi duenez, martxoaren 31n bi astronauta bidaliko dituzte MIRen egonaldi luze bat egitera eta estazioak bere lekuan jarraituko du abuztura arte. Proiekturako beharrezko dirua Estatu Batuetako Golden Apple telekomunikazio-enpresak jarri du; enpresak MIRen ustiapen komertziala du azken helburu. MIRek inork pentsatu baino denbora gehiago eman du espazioan, aspaldi igaroa baitu bere iraungipen-data ofiziala; 1991. urtean, hain zuzen.

Urtetan errusiarren harrotasuna izan da MIR estazioa, lehengo Sobietar Batasunak espazioaren ikerkuntzan zuen gaitasunaren ikurra.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia