}

Miopia duzula? Ogi gutxiago jan beharko duzu

2002/04/08 Elhuyar Zientzia

Intsulina-kontzentrazio altuak eta miopia erlazionatzen dituen ikerketa plazaratu berri da. Diotenez, almidoi findu asko jateak begiaren garapenean eragina du. Odoleko intsulina-kontzentrazio altua dela eta, begi-globoa ez da behar bezala garatzen. Garapen anormal horren eraginez, globoa larregi luzatzen da eta ondorioz miopia agertzen da.

Azken 200 urteetan asko ugaritu dira miopia-kasuak herrialde garatuetan, eta garatzeko bidean dauden herrialde askotan ere hazkuntza izugarria izan da. Orain arte, miopiaren zabalkuntza irakurtzearen eta umeen derrigorrezko eskolaratzearen ondoriotzat hartu da. Baina teoria berria baieztatzen duten hainbat datu nabarmen agertu dira. Esaterako, Vanuatu irletan ume denak eskolara doazen arren, miopia dutenak % 2 besterik ez dira. Horren azalpena dietan aurki daiteke, ogiaren eta zerealen ordez, arraina, ñamea eta kokoa baitira herri horren dietan nagusi.

Horretaz gain, beste herri batzuetako miopia-kasuen igoera ere uler daiteke. Adibidez, inuiten eta Pazifikoko irla askotako herritarren % 50ek miopia du gaur egun. Orain dela mende bat, populazio horien % 1ek bakarrik pairatzen zuen gaitz hori.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia