}

Minbiziaren aztarna molekularren argazkia

2001/04/02 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Proteinen argazkiak ateratzeko teknika berria garatu dute Estatu Batuetako Vanderbilt Unibertsitateko biokimikari batzuek. Helburua proteina horien kokapena detektatzea da. Horrela, zelulen edo ehunen zein aldetan ari diren lanean jakin daiteke. Teknika berri horrekin egindako lehen ikerketaren emaitzak Nature Medicine aldizkari espezializatuaren apirileko zenbakian argitaratu dute.

Aplikaziorik interesgarrienetako bat minbiziaren aztarnei jarraitzea da. Metodo horretaz, tumoreak osatzen dituzten zelulen proteinak azter daitezke. Kokapen zehatza aurkitzea garrantzitsua da, tumoreen barnealdean eta kanpoaldean ez baitira proteina berak izaten. Ehunaren edo tumorearen xaflaz xaflako azterketa eginez gero, hazkuntzari buruzko informazioa jaso daiteke.

Teknikari "irudiak lortzeko masa-espektroskopia" deritzo. Izan ere, ohiko masa-espektroskopian oinarrituta dago. Richard Caprioli adituak espektroskopio estandar bat xafla-itxurako laginaren analisia irudikatzeko egokitu du. Analisia egiteko, lagina izoztu eta xafla finetan mozten da. Xafla horiek banan banan sartzen zaizkio makinari eta, gero, analisi guztien emaitza grafikoekin laginaren eredua hiru dimentsiotan osa daiteke. Lagina eskuz ebakita bada ere, masa-espektroskopioz egindako tomografia moduko bat lor daiteke.

Hiru dimentsioko ereduan, ordenagailuak proteinaren tamainaren arabera bereiz ditzake proteinak. Lehen saioak egiteko, zientzialariek bi garun-tumore analizatu dituzte, bata gizaki bati eta bestea sagu bati erauzitakoak. Horrela, uste zen bezala, proteina ezberdinak detektatu dituzte tumoreen barnealdeko eta kanpoaldeko geruzetan. Tumorearen azaleko proteinek, adibidez, ehunak inbaditzeko ahalmena ematen diote tumoreari.

Lan horrek minbizia diagnostikatzeko proteinak proposatzeko balio du, ez duelako zuzenean proteina jakin bat bilatzen. Teknikak aurkako planteamendua du. Beste tekniketan, ikertzaileak zer konposaturen bila den jakin behar du eta askotan markatzaileak erabili behar izaten ditu. Horrek, lan astuna izateaz gain, batzuetan ez du arrakastarik izaten. Irudikatzearen teknikaren bitartez, inolako gehigarririk gabe, zientzialariak hor dagoena identifikatze hutsarekin asma dezake diagnostikatzeko estrategia bat edo beste.

Industria farmazeutikoak interes handia du espektroskopioa eskuratzeko. Botikak gorputzean nondik barreiatzen diren ikus liteke eta ehunetan non duten eraginik handiena. Eskala molekularrean, sistema biologikoak bizirik behatzetik gertu dagoen teknika da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia