}

Minbiziaren aurkako antigorputzak

2001/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Cambridge Unibertsitateko Abraham Karpas immunologoaren taldeak antigorputz monoklonaletan espezializatutako giza zelulak (hibridomak) sortzea lortu du. Erabilitako teknika, berez, ez da berria, jada duela 25 urte saguen zelulekin osatutako hibridomak lortu baitzituzten.Orain, ordea, zenbait arazo gainditu ostean, giza zelulekin ere gauza bera egin eta bederatzi hibridoma sortzea lortu dute, bakoitza antigorputz jakin batean espezializatua; horien artean, minbizia eta GIB birusa detektatu eta ezabatzeko gai direnak daude.

Hibridoma sortzeko, bi zelula desberdinek mintz bakarrean bat egin behar dute: linfozito bat eta mieloma izeneko zelula kantzerigeno bat. Lortutako zelula hibridoa klonatuta, berdin-berdinak diren zelula alaba ugari sor daitezke. Ondoren, zelula alaba horietako bakoitzak, zelula-motaren arabera, antigorputz jakin bat jariatuko du. Antigorputz horiei antigorputz monoklonal esaten zaie, zelula-klon beretik sortutakoak direlako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia