}

Minbizia: gizarte zelularraren oreka suntsitzen denean

2004/09/01 Orive Arroyo, Gorka - Farmazian doktorea. Biofarmazia, Farmakozinetika eta Farmazia-teknologiako irakasle kolaboratzaileaFarmazia Fakultatea UPV-EHU, Vitoria-Gasteiz Iturria: Elhuyar aldizkaria

Minbizia beldurra eta ahultasuna eragiten dituen gaixotasuna da oraindik.
Oso zaila da asaldura patologiko hori ulertzea, batez ere ehun eta organo ugariri egiten dielako eraso eta minbizi-mota oso ezberdinak daudelako. Bestalde, gaur egungo tratamenduen emaitzak hain desberdinak izateak –batzuetan eraginkorrak eta besteetan, aldiz, guztiz etsipengarriak– ezkortasuna sortzen du gizartean.

Minbizian parte hartzen duten faktore eta prozesu guztiak hitz gutxitan deskribatzea gaixotasuna bera tratatzea bezain zaila eta astuna izango litzateke. Hala ere, labur-labur esan daiteke minbizia sortzen dela zelula batek lege diren gizarte-jarrerak apurtzen dituenean. Orduan, haren alboko zelula guztiek arau berei jarraitzen diete, esate baterako, ez dituzte betetzen hazkuntza, zatiketa eta heriotza zelularra. Minbiziak helburu batera desbideratzen ditu arau guztiak: hazkuntza eta zatiketa sustatzera eta heriotza eragoztera. Beraz, minbiziak bere eskuetan dagoen guztia egiten du bizirik irauteko eta gaixotasuna gizakiaren gorputz osora zabaltzeko.

Baina zein faktorek eragiten dituzte zeluletan jarrera-aldaketa horiek? Zelulen erregulazio-kontrolak eta -mekanismoak oso konplexuak dira, eta milaka zientzialarik lan egiten dute horiek ondo argitzeko eta ulertzeko. Horietako mekanismo batzuek zelulen motorra aktibatzen dute, eta, besteek, aldiz, moteldu egiten dute. Orekan egoteak ematen dio egonkortasuna zelulari, ehunari, eta, estrapolatuz, gure gorputzari. Eta oreka zelularra apurtzen denean eta zelulen motorrak azkartzen direnean, arazoak sortzen dira.

Egoera horretan zelulak gehiago zatitzen dira, gehiago hazten dira, eta, gainera, bizirik jarraitzeko ahalmena asko sustatzen da. Hiru arrazoirengatik apur daiteke oreka. Alde batetik, zelulen motorra azkartzen duten faktoreak sustatzen direlako; bestetik, balazta gisa jokatzen dutenak murrizten direlako, eta, azkenik, lehenengo biak batera gertatzen direlako.

Ikertzaileek sei taldetan bereiztu dituzte minbizia eragiten duten faktoreak eta, oro har, zelulek sei ahalmen horiek eduki behar behar dituzte minbizia eragiteko. Bereizteko ahalmen bukaezina izan behar dute, eta, hazkuntza-faktoreak ekoitzi behar dituzte, beren garapena ziurtatzeko. Beste ahalmen bat ere eduki behar dute: seinale eta faktore negatiboekiko erresistenteak bihurtzea —faktore horiek eragozten dute zelulen garapena—. Zelulek apoptosia edo heriotza zelular programatua saihestu behar dute hilezkor bihurtzeko.

Minbizia sortzeko zelulek eduki behar dituzten ahalmen guztiak.
Hanahan, D. eta beste zenbait artikulutatik hartuta

Hala ere, hori guztia ez da aski gaixotasuna sortzeko. Bereizten diren milioika zeluletan mutazio genetiko berriak sortu behar dira, besteak beste, angiogenesia –odol-hodi berrien sorkuntza– sustatzeko eta metastasiak eragiteko. Ez dago esan beharrik hemen hiruzpalau paragrafotan adierazitakoak, zientzia-arlo oso zabalak eta konplexuak izateaz gain, ikertzaile askoren lan-eremua direla.

Minbizia izateko arriskua, txikia

Zorionez, minbizia izateko arriskua oso txikia da, besteak beste gure sistema immunologikoak berehala suntsitzen dituelako mutazioak izaten dituzten zelulak. Era berean, kontuan izan behar da lehen aipatutako ahalmen guztiak funtsezkoak direla gaixotasuna agertzeko eta zabaltzeko.

Adibidez, 50 eta 70 urte bitarteko gizonen autopsietan, ia kasu guztietan minbizi txikiak aurkitu dira tiroide guruinean. Hala ere, % 0,1ek bakarrik garatu zuen gaixotasuna. Gauza bera gertatzen da 40-50 urte bitarteko emakumeen autopsietan. Nahiz eta heren batean bularreko minbizia ikusi, % 1ek baino ez zuen garatu gaixotasuna.

Horrek adierazten du minbizi txikiak lotan egoten direla gure gorputzetan, eta ehuneko txiki batek bakarrik lortzen duela gaixotasuna garatzea. Baina, zergatik gertatzen da hori? Adituen ustez, minbiziak gaixotasuna sortzeko behar dituen ahalmen guztiak eskuratu ez dituelako. Hau da, nahiz eta garatu, zatitu eta apoptosia saihestu, odol-hodi berrien sorkuntza (angiogenesia) sustatzen ez badu, minbiziak aukera oso gutxi ditu elikagaiak lortzeko eta gero odol-hodien bidez metastasiak garatzeko.

Angiogenesia, beste bost prozesuak bezala, faktore anitzek erregulatzen dute. Horietako askok odol-hodien sorkuntza sustatzen dute, eta, beste askok, aldiz, inhibitu egiten dute sorkuntza hori. Berriro ere, angiogenesiaren oreka apurtzeak balio gehigarria emango die zelula kaltegarriei gaixotasuna eragiteko. Hala ere, nahiz eta zelula batzuk odol-jarioan sartu, oraindik ehunak inbaditzeko ahalmena lortu beharko dute metastasiak sortzeko, hau da, gorputzeko beste ataletara zabaltzeko.

Angiogenesi-prozesuaren faseak: zelula gaiztoek hainbat faktore ekoizten dituzte odol-hodiak sortzeko, eta, hala, oxigenoa eta elikagaiak lortzeko. Duke University Medical Center-en egindako ikerketa honetan, zelula gaiztoei proteina berdea txertatu zieten haien bilakaera ondo aztertu ahal izateko.

Azken ikerketen arabera, oreka horiek guztiak zelula gaiztoen ezaugarri genetikoen eta mikroingurunearen arabera suntsitzen dira. Hala, erraz uler daiteke zergatik garatzen den minbizi bakoitza abiadura batekin edota zergatik gizabanako batzuetan gaixotasuna azkar agertzen den, eta besteetan, aldiz, ez den inoiz agertzen.

Ondorio horiek naturan ikusi dituzten hainbat berezitasuni esker lortu dituzte ikertzaileek. Adibidez, Down sindromea duten pertsonen ehuneko oso txikiak izaten ditu minbizi solidoak

tumoreak

Zientzialariek horren zergatiak bilatzen hasi eta ikusi zuten gaixo horietan endostatin erregulatzaile negatiboaren maila ohikoa baino askoz ere altuagoa zela. Hau da, angiogenesiaren oreka alde negatibora edo inhibitzailera desplazatuta zegoela (odol-hodi berriak sortzeko zailtasuna). Horrek esplikatzen zuen, dudarik gabe, minbizi solidoen hain intzidentzia txikia.

Kasu praktiko hori eredu hartuz, adituek pentsatu zuten gaixoetan erregulatzaile negatiboen maila handituz gero botika itxaropentsuak lortzeko aukera izango zutela. Horri esker, angiogenesiaren erregulatzaile negatiboak aztertzen dituzten hainbat entsegu kliniko daude gaur egun martxan.

Ildo horretatik, zientziaren helburu nagusietako bat da minbizietatik babestuta dauden pertsonak aztertzea, babes horren arrazoiak ezagutzeko. Hala, Down sindromearekin gertatu zen bezala, agian etorkizuneko medikamentu bilakatuko diren faktore edo erregulatzaileak aurkitzeko aukera izango dugu.

Bestalde, gizakiaren genoma deskodetzeari esker, norberaren geneen egoera nolakoa den jakin ahal izango dugu, eta, horrekin batera, minbizia izateko arriskua zenbatekoa den. Joan Massagué ikertzaile ospetsuak eta Asturiasko Printzea Sariaren irabazleak dioen bezala, egunen batean banan-banako terapia bat izango dugu minbizi-mota bakoitzerako. Jendeak jakin ahal izango du zer motatako minbiziarekiko den sentikorrago, eta, horren arabera, dagozkion prebentzio-neurriak hartu ahal izango ditu.

Dena dela, kontuan izan minbizia sortzeko ibilbidea luzea eta astuna dela, zorionez; eta gehienetan gure gorputza gai dela zelulen legez kanpoko ahalmenak gelditzeko.

Hala ere, minbiziaren garapenean zelula gaizto bat nahikoa izan daiteke gaixotasuna eragiteko. Barneko faktore genetikoak eta kanpoko faktoreak (erretzea, ultramore-erradiazioak…) funtsezkoak dira zelulen arteko oreka mantentzeko edo suntsitzeko.

Angiogenesiaren oreka erregulatzen duten hainbat faktore sustatzaile eta inhibitzaile. Batzuk edo besteak nagusitzearen ondorio dira minbizia garatzea edo lotan uztea.

BIBLIOGRAFIA
    Hanahan, G. eta Weinberg, R. A.
    “The hallmarks of cancer”
    Cell. 100:57-70 (2000).
    Folkman, J. eta Kalluri, R.
    “Cancer without disease”
    Nature . 427:787 (2004).
    Hynes, R. O.
    “Metastatic potential: generic predisposition of the primary tumor or rare, metastatic variants-or both”
    Cell. 113:821-823 (2003).

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia