Minbizi-zelulak oztopatzen
2005/12/01 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Odol-hodietan, minbizi-zelulen zirkulazioa metastasiaren eragile izaten da maiz. Minbizi-zelula horiek zelula osasuntsuak kutsatzen dituzte, eta gaitza gorputz osora zabaltzen da. Horixe da minbiziaren arriskurik larriena, metastasia. Hori gerta ez dadin, Donostiako Kimika Fakultateko ikerketa-talde batek zelula horien arteko loturak aztertzen ditu.
Zelulen arteko lotura horietan parte hartzen duten proteinak aztertzen dituzte, hain zuzen ere. Proteina horiek minbizi-zelulen eta zelula osasuntsuen arteko lotura ahalbidetzen dute. Hainbat proteina-mota daude eta horietan guztietan gune aktibo bakarra dutenak aukeratzen dituzte ikertzaileek. Gune hori blokeatzen bada, minbizi-zelula ez da gai izango proteina horren bidez zelula osasuntsu bati lotzeko. Horrela, minbizia zabaltzeko bide hori, behintzat, oztopatzen da.
Lehenengo egitekoa, beraz, hautatutako proteina horien egitura aztertzea da. Horretarako, ordenagailuak erabiltzen dituzte, proteinak molekula erraldoiak baitira. Egitura hori nolakoa den ezagutu ondoren, eta leku aktiboaren ezaugarriak jakinda, leku aktiboa blokeatuko duen molekula txiki berri bat diseinatzeari ekiten diote.
Txikitasunean ezkutatuta
Molekula berriak ezaugarri oso bereziak izan behar ditu. Alde batetik, garrantzitsuena tamaina da; gure immunitate-sistemak detekta ez dezan, oso txikia izan behar du. Izan ere, sintetizatutako molekula handi samarra balitz, immunitate-sistemak haren aurka egingo luke, deuseztatu arte.
Bestalde, molekula berri horrek gune aktibo horretan lotzen den berezko molekularen ezaugarriak imitatu beharko ditu.
Ezaugarri horiek dituzten hainbat molekula berri diseinatzen dira, hau da, molekula-familia bat diseinatzen da. Eta, ondoren, noski, sintetizatu egiten dira. Kontuan izan behar da, aurretik inork ez dituela molekula horiek sortu, eta naturan ere ez daudela; beraz, inork ez daki egonkorrak izango diren edo ez.
Sintetizatutako molekulek benetan bere funtzioa betetzen duten edo ez aztertzea da azken pausoa.
Blokeatu eta hil
Lehenengo, in vitro saioak egiten dira. Molekulak proteinaren gune aktiboan lotu eta hura deuseztatzeko gai diren aztertzen da. Izan ere, minbizi-zelula ez bada gai beste zelula bat kutsatzeko, bere buruaz beste egingo du. Gainera, antzeko molekulen multzo bat diseinatzen denez, emaitzarik onenak haietako zeinek lortzen dituen begiratu behar da, zein den aktiboena, alegia.
In vitro saioetan aktiboena den molekulak, gero, in vivo saioetan ere aktiboena dela frogatu behar du, eta, askotan, emaitzak aldatu egiten dira. Gerta liteke familiako beste molekularen batek emaitza hobeak lortzea, eta, beraz, oso garrantzitsua da saio horiek egitea.
Azterketak amaituta, molekula hobetzeko erabakia har daiteke, edo, emaitzak oso onak direnean, medikamentu bihurtzeko pausoak hasiko dira. Hala ere, hori ez da kimikarien lana; kimikariek beste minbizi-proteina baten aurkako molekulak sortzeari helduko diote.