}

Minbizi-zelula batetik abiatuta enbrioi osasuntsua lortu dute

2002/11/07 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Garuneko minbizia zuen sagu batetik minbizi-zelula bat erauzi, hura klonatu, eta enbrioi osasuntsua lor daitekeela frogatu dute Tom Curran eta James Morgan ikertzaileek.

Ikerketa AEBetako Memphisko St Jude ospitalean egin dute, eta Dolly ardi ospetsua lortzeko erabilitako teknika bera erabili dute; hau da, aukeratutako zelularen DNA obulu osasuntsu batean sartu dute, eta hura kitzikatu dute enbrioi bat garatzeko. Kasu honetan, ordea, ardi baten zelula heldu batetik abiatu beharrean, sagu baten garuneko minbizi-zelula batetik abiatu dira.

Ikertzaileek uste ez bazuten ere, horrela sortutako enbrioia erabat osasuntsua da. Nonbait, zelula osasuntsuak minbizi-zelula bihurtzen dituzten aldaketa genetikoak ezabatu egiten dira klonazioan. Hain zuzen, klonatutako zelula birprogramatzen denean gertatzen omen da konponketa.

Izan ere, birprogramazioa klonazioaren ezinbesteko pausoa da. Pauso horren bidez, DNAk aldaketa kimikoak izaten ditu, eta ‘gaztetu’ egiten da. Ikertzaileen ustean, gaztetzearekin batera, zein gene aktibatzen diren agintzen duten seinale kimikoetan edo DNAren egituran ere izaten dira aldaketak, eta horien ondorioz desagertzen da minbizia eragiten zuen akatsa. Ikerketa honen arabera, baliteke geneetan dauden akatsak konpondu ezin izatea, baina bai egiturarekin edo seinale kimikoekin erlazionatuta daudenak.

Bestalde, birprogramazioari laguntzeko, hainbat gai kimiko erabiltzen dira, eta gai kimiko horiek garuneko minbiziak sendatzeko erabili ahalko direla espero dute ikertzaileek. Dagoeneko erabiltzen dira horrelako substantziak beste minbizi batzuk tratatzeko. Ikerketa AEBetako Floridan egiten ari diren Neurozientziaren Sozietatearen urteroko biltzarrean aurkeztu da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia