}

Min eman dizula? Ez da hainbesterainokoa izango!

2003/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Edo bai? Sendagileak eta erizainak aspaldi konturatu ziren paziente batzuk besteak baino sentikorragoak direla minarekiko. Orain, hainbat boluntariori estimulu mingarri bera emanda, garunaren erantzunean alde handia dagoela ikusi dute zientzialariek.

Ikerketa Ipar Carolinako medikuntza-fakultate batean egin dute, eta boluntario horiei egindako eskanerren bidez frogatu dute pertsona guztiek ez dutela sentikortasun bera. Horretarako, hasi giza gorputzaren tenperaturatik eta 49 °C bitarteko beroa jarri diete zangosagarrean. Boluntarioek, berriz, 1etik 10erako eskalan zenbateko mina sentitu duten esan dute.

Boluntarioek eskalan adierazitakoa eskanerrak emandako irudiekin bat datorrela ikusi dute ikertzaileek: min gehien sentitzen duten boluntarioek besteek baino aktibitate gehiago azaltzen dute garuneko kortexean, bereziki minarekin, arretarekin eta hankarekin lotutako guneetan. Hori bai, boluntario denek azaldu dute aktibitatea talamoan, eta horrek erakusten du denek jaso dutela minaren seinalea.

Beraz, ikerketaren arabera, min gutxiago sentitzen dutenengan minaren seinalea ez da ahultzen garunerako bidean; aldiz, informazioa iritsitakoan garunak egiten duen interpretazioan dago gakoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia