}

Milurteko berrirako asmakizunak

2000/02/01 Waliño, Josu - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Milurteko berri hau Internet eta informatikaren aroa izango dela esan ohi da. Gure eguneroko bizitzan ordenagailuek eta telekomunikazio-sareek izango duten garrantzia neurtzea zaila da, baina azken aldian merkatura agertzen ari diren produktu berri guztiak etorkizun horri begira daudela dirudi. Informatika gure bizitza errazteko dela diote, eta lan hori egingo duten periferikoak sortzen dira egunero. Hona hemen 2000. urte honen hasieran ikusiko ditugunetariko batzuk.

Usainak ordenadorez: iSmell

Askotan entzundako ametsa da hau: usainak elektronikoki transmititu ahal izatearena. "Digiscents" enpresaren fundatzaileek sortu duten periferikoari esker amets hori errealitate bihurtu da. Beren asmakizuna iSmell bataiatu dute. Aparatu honek ordenagailuak transmititzen dizkion kode batzuk ulertu eta kode hauek adierazitako usainak zabaltzen ditu.

Sistema honen sortzaileek bazekiten 1.000 proteina inguru direla garunari usain-sentsazioa sortzeko gai direnak. Nahikoa da, beraz, proteina hauekin konbinazioak egitea usainak sortu ahal izateko. Beren ikerketaren ondorioz proiektua honela egin dute: usain errealak oinarrizko usainetan zatitu dituzte. iSmell-ak oinarrizko 128 usain erabiltzen ditu, eta softwarearen bidez usain horiek konbinatu egin daitezke usain errealak sortzeko. Erabiltzaileak artistaren modura usain-paleta erabiliko du, marrazketa-programetan kolore-paletak erabiltzen diren bezala, eta paleta hori erabiliz usaina sortuko du. Periferikoak softwareak bidalitako oinarrizko usainen konbinazioa ulertu, eta horren arabera substantzia kimiko batzuk konbinatu eta askatuko ditu. Horrela usainak sortuko dira.

Sistema hau erabiliz, Internet bidez usainak bidaltzeko aukera egongo da, eta ordenagailu-joko eta CD-ROMetan usainak erabili ahal izango dira. Horretarako iSmell-aren sortzaileak hasiak dira Sega, Nintendo eta abarrekin hitz egiten. Hau ez da, ordea, negozio honek duen aurpegi bakarra. Internet-en usain-bankuak sortu dituzte jada, jendeak usainak erosi ahal ditzan: laranja-usaina, txokolate-usaina edo ke-usaina salgai daude dagoenekoz. Zinera ere eraman nahi dute beren asmakuntza, baina arazoa beste bat da arlo honetan: usaina sor daiteke filmaren une jakin batean, baina usain hori aretotik nola desagerrarazi berari zegokion sekuentzia amaitu denean?
Medikuntzaraino ere irits daiteke asmakizun berri hau, aromaterapia delakoa ordenagailu bidez egin ahal izango delako, Internet-eko web orri batetik, edo CD-ROMa erabiliz.
Informazio gehiago: www.digiscents.com

Internet-erako urruneko agintea

Internet-ek eguneroko bizitzan duen garrantziaz jabeturik, nabigatzea erraztuko digun urruneko agintea sortu berri dute. Aginte hau 40 botoi eta txartelen irakurgailuaz dago horniturik. Horrela, botoi bat sakatuz bisitatu nahi dugun web-era zuzenean joan gaitezke. Gure ordenagailura beste edozein periferiko bezala konektatzen den aginte honek, web helbide ugarirensailkapena eskaintzen digu. Sailkapen hau guk nahi dugun erara eta nahi ditugun helbideekin eguneratu dezakegu. Gainera, erabiltzaileen arabera pertsonaliza dezakegu.

Honez gain txartelen irakurgailua ere badauka Egopad izenaz bataiatu duten aginte honek. Irakurgailu honek ez ditu kreditu-txartelak irakurtzen, propaganda-txartelak baizik. Sistema honetaz baliatuz, hainbat konpainiak, beren web-erako lotura zabaldu dezakete, jendeak txartela Egopad-ean sartu bezain pronto, konpainia horren web gunera konektatuko bailitzateke helbidea idatzi behar izan gabe. Aldizkari, egunkari eta antzekoekin banatzeko moduko propaganda modu egokia da. Informazio gehiago: www.planetportal.com

Saguaren arerioa: Handkey-a

Sagu arruntaren arerio handiena katua izan bada ere, sagu elektronikoari bestelako bat sortu zaio: Handkey-a. Ekuadorko gazte batek asmatutako eraztun bati buruz ari gara. Bere esanetan, eraztun honek ordenagailua kontrolatzen laguntzen digun sagua ordezkatuko du oso denbora gutxian. Handkey izeneko hau hatz nagian kokatzen den 1,5 cm-ko luzera eta 0,5 cm-ko lodiera duen eraztuna da. Kablerik gabe dabil, ordenagailuari jartzen zaion pantaila babeslera gidatuta izpi infragorrien bidez konektatzen baita ordenagailuarekin. Sistema honek erabiltzen duen teknologia, gaur egungo ordenagailuek dutenarekin bateragarria omen da. Edozein ordenagailurekin erabil daiteke, beraz.

Lau urte eman ditu Antonio Romero ekuadortarrak gailu hau garatzen, eta aurtengo udaberrian merkaturatuko omen du Estatu Batuetako enpresa baten bidez. Ikusiko dugu gure ordenagailuaren sagua jango duen katua hau den ala ez.

Jertse informatizatua

Pentsa ezazu zure medikua egun osoan bizkar gainean eramaterik baduzula. Antzeko sistema asmatu dute duela gutxi: gure osasuna zaintzen duen jertse informatizatua. Jertse honek, gure gorputzaren martxari dagokion informazioa jasotzen du etengabe: gure bihotz-taupadak zenbatekoak diren, arnasaren erritmoa, etab. Informazio guztia gerrikoan lotuta daramagun ordenagailu txiki batean gordetzen da. Gerrikoan bildutako informazioa, Internet bidez web batera bidaltzen da, eta bertan dauden medikuek, erabiltzailearen osasunean egon daitezkeen aldaketak kontrolatzen dituzte.
Sistema hau, Marvin Sackner doktoreak asmatu du, eta bere esanetan “pertsona lanean ari den bitartean, estres-egoeran edo etxean lasai-lasai eserita dagoen bitartean nola dagoen jakin dezakegu”. Informazio gehiago: www.lifeshirt.com

Hauek dira milurteko berri honen hasieran saldu nahi dizkiguten berrikuntzetako batzuk. Badira beste hainbat, guztiak esan bezala ordenagailuak eta Internet elkartzen dituztelarik; egia esan, gaur egun nahiko zaila baita bi kontzeptu horiek bereiztea. Horietako batzuetaz ere hitz egin dugu lehenago hemen (ordenagailu molekularraz, edo posta elektronikoa kudeatzen duen telebistaz esate baterako), eta nola ez, Internet-en eskaintzen ari zaizkigun zerbitzu berriak: on-line errezatzeko aukera, eta baita hiletak Internet bidez egiteko aukera ere. Hamaika ikusteko jaioak omen gara, baina hau hasiera besterik ez da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia